«Ahal dudan neurrian laguntzen saiatuko naiz»

Ataria 2013ko urtarrilaren 24a

Jon Jaunarena Pilotaria

Barriolarekin batera osatuko du bikotea Berasaluze VIII eta Albisuren aurka, bihar Hendaian jokatuko duen Binakako Lehen Mailako Pilota Txapelketako partidan. Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurkako partida jokatu zuten Barriolak eta Xalak iragan asteburuan, eta lapurtarrak min hartu zuen. Ondorioz, hiru astez pilotalekuetatik at izango da. Enpresak Jon Jaunarena leitzarra aukeratu du bere lekua betetzeko. Iaz bigarren mailako txapelketa nagusi guzti-guztiak irabazi zituen, eta orain, estreinakoz jokatuko du nagusien mailan. Leitzarra «urduri», baina «pozik» dago eman dioten aukerarengatik.

Nola aurkitzen zara jasotako berriaren aurrean?

Oso pozik nago, horrelako partida bat jokatuko dudalako. Jokatzeko irrikaz nago.

Espero al zenuen zuk betetzea Xalaren hutsunea?

Ez nuen espero. Lesionatu zenean beste pilotari batek bete beharko zuela haren lekua esan zuten, baina nik Idoate edo Retegi izan zitezkeela ordezkoak pentsatu nuen. Enpresak ni aukeratu nau, beraz, oso gustura nago, eta ea partida espero bezala irteten den.

Lehenengo mailan jokatzen duzun lehen partida izango da. Urduri al zaude?

Gogo handia dut maila honetan nola erantzuten dudan ikusteko. Urduri nago ez baitut inoiz jokatu lehen mailako partidarik, baina, aldi berean, gogotsu, partidaren eguna iristeko esperoan.

Bikotekidea, gainera, oso ezaguna: Abel Barriola.

Berak orain arte asko lagundu dit laguntzaile moduan, eta orain ni saiatuko naiz berari ahal dudan neurrian laguntzen. Berak ni oso ongi ezagutzen nau, beraz, uste dut eta espero dut ondo moldatuko garela elkarrekin jokatzen. Beraz, ea partida ona jokatzeko aukera dugun.

Xala hiru astez jokatu gabe izango da. Biharko partida soilik ala ondorengoak ere zuk jokatuko al dituzu?

Ez dakit. Nik dakidana da biharko partida jokatuko dudala. Ez dakit ondorengo partidekin zer gertatuko den, nik jokatuko dudan, ala beste norbaitek egingo duen.

Biharko partidaren arabera izango al da hori?

Ziurrenik bai. Biharko partida ongi ateratzen bada, agian nik jarraituko dut, eta aldiz, ez badut maila ematen, beste norbaitek jokatuko du.

Une honetan ez zinen txapelketan parte hartzen ari.

Ez. Partida bakan batzuk jokatzen ari nintzen, baina txapelketatik at. Enpresan bost aurrelari ginen norbaiten ordezko lekua beteko zain, eta azkenean kasu honetarako ni izan naiz aukeratua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!