«Gazteek musika tresna herrian ikasi ahal izatea garrantzitsua da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 24a

Leire Telletxea, Iñaki Zalakain eta Miren Mujika, Loatzo musika eskolako irakasleak

Loatzo eskolak musika doinuz betetzen ditu Tolosaldeko bazterrak orain 10 urtetatik. Anoeta eta Villabonan zegoen eskaintza herri gehiagotara zabaltzeko asmoz sortu zuten eta gaur egun zortzi herrietan dago musika eskola; Anoeta, Aduna, Alegia, Altzo, Irura, Ibarra, Zizurkil eta Villabonan.

615 ikasle inguru dira orain eta 20 bat irakasle, eta handituz eta hobetuz joan badira ere helburuak berberak direla diote Leire Telletxea, Miren Mujika eta Iñaki Zalakain irakasleek. Hau da, musika hezkuntza osoa bermatzea, musika alfabetizazioa eskaintzea, taldean jotzeko gaitasuna lantzea, eta Tolosaldeko beste herrietako ikasleekin harremanak bultzatzea musikaren bidez.

Leire Telletxea, Iñaki Zalakain eta Miren Mujika irakasleak

Nola sortu zen Loatzo musika eskola orain 10 u rte?

Miren Mujika: Loatzo sortu aurretik Anoetak bazuen bere musika eskola, sei irakaslekin, eta Villabonak ere bazuen eskola bat irakasle batekin. Hau ikusita beste herri batzuetan ere musika eskola izateko eskaerak hasi ziren; Zizurkiletik Villabonara edo Tolosara joan behar zuten, Iruran Anoetarekin zuten akordioa... Ez zegoen batasunik. Horregatik, batasun hori lortu asmoz eta proiektuei bideragarritasuna emateko, hasi ginen lanean.

Iñaki Zalakain: Nik 250 ikasle nituen, gainera, eta asko ziren. Adin jakin batetik aurrera musika tresna desberdinak jo nahi dituztela hasten dira... eta pertsona bakar batek ezin du hori guztia eskaini. 

M. M.: Anoetan zeuden instrumentuak ere muga asko zituzten, eta bazen besterik ere: Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzeko haize instrumentuen eskaintza ere izan behar zela, eta beraz, eskaintza hau eskualde osoari planteatzea erabaki genuen, eta horrela herriak gehituz joan ziren. Gogoratu behar da, Anoetak eta Ibarrak sortu zutela Loatzo mankomunitatea 2002ko irailean, eta urtarrilean Villabona gehitu zela.

Gaur egun, Anoeta, Aduna, Alegia, Altzo, Ibarra, Irura, Zizurkil eta Villabonara iristen zarete. Herri txikientzako garrantzitsua da eskaintza izatea, ezta?

I. Z.: Loatzo sortzerakoan ere interesatuenak beraiek izan ziren. Zizurkilgo ikasleak, esaterako, Villabonara etortzen ziren, eta Zizurkilen bizi gutxi zegoen, lo egitera joateko herria zen, ez zegoen kultura jarduerarik... Loatzo egoteak bertan giro bat eta jarduerak sortzeko aukera emango zuela pentsatu zuten. Adunan berdin... Herri txiki hauek ezin dute musika eskola bat osatu. Egokiagoa da irakasleak bertara joatea.

M. M.: Noski herri txiki hauetan ere kalitatezko zerbitzuak nahi dituzte eta modu honetan aukera dute herrian bertan musika ikasteko eta baita jotzeko ere. Horrek ez du esan nahi mankomunitateko helburuak ere ez direnik herri guztietan dauden bandak, orkestrak, txistu taldeak edo dena delakoak bultzatzea. Gure ikasleak 12 urtetik aurrera herriz mugitu ohi dira taldetan jotzeko eta horrek harremanetan, talde lanean eta abar aberasten die, baina tresna, beraien instrumentua, herrian bertan ikasten dute.

Ikasturtean zehar Tolosaldeko bazter askotara eramaten duzue musika, zenbat emanaldi eskaintzen dituzue?

M.M.: Asko. Ikasturtea hasi bezain pronto, irailean, Xexili Eguneko emanaldiak prestatzen hasten gara. Azken honetan aldaketa ere egin dugu. Besteetan, zortzi herriak elkartu eta herri bakar batean biltzen gara, eta oraingoan, herri bakoitzean egin dugu zerbait eta oso polita izan da. Gurasoentzat ere erosoagoa izan da, herrian bertan geratu direlako beste inora mugitu gabe. Guretzat ere lan asko zen denak biltzea, talde guztiak elkartu behar genituen, entseguak egin. Oso egun polita izaten zen baita guretzat ere, baina azkena ere oso ondo atera zen.

I. Z.: Lanik zailena, hala ere, ikasleak motibatzea da. Txikitan askoz errazagoa da, gero berriz... adin batetara iristen dira, non zailagoa den. Irteerak egiten saiatzen gara gehiago erakartzeko... Aurten Tuteran izango gara, Nafarroa Oinez bertan denez laguntzera eta asteburu pasa egitera joango gara emanaldi bat eman eta kalejira batzuk eginez, eta Donapaleun ere izan ginen. Horrela lotu behar ditugu, bestela zaila baita. Pena da, izan ere, adin horretan musika tresnekin ere maila txukunera iristen dira, eta orduan jarraituz gero gauza oso interesgarriak egin ahal dituzte, baina zaila da.

Eta Xexili Eguna eta gero, zer?

Leire Telletxea: Ia jarraian Eguberriak izaten ditugu, eta hor ere emanaldi ugari izaten dira. Eta segituan Kaldereroak prestatzen hasten gara... Honetaz gain, entzunaldiak izaten ditugu. Izan ere, lau urteko haurrekin hasten gara, eta 4-7 urte da lehen zikloa, gero 8-12koa dago eta 12-16 urteren artekoa da azkena. 7 urtekoei instrumentuak erakusten hasten gara, eta horretarako entzunaldiak egiten ditugu, kontzertu didaktikoak, Aste Santuen aurretik talde instrumentaletako emanaldiak...

M.M.: Tarteka ohikoak ez diren emanaldiak ere izaten ditugu. Adunan, esaterako, Mikel Laboan omenez egin genuen bat eta oso polita izan zen. Ikasle helduenak joan ziren, emanaldia ondo prestatu zuten eta azpiegitura ere ona izan zen. Oso oroitzapen ona daukat.

Gazteek zein instrumentu aukeratzen dituzte gehien?

M.M.: Sintomatikoa da; geroz eta gorago egon herria, orduan eta trikiti gehiago. Orain hasi dira haize instrumentu gehiago aukeratzen, baina urteetan trikitia izan da jaun eta jabe. Gitarra ere asko aukeratzen dute eta perkusioak ere tiratzen du, baina azken urteetan haize instrumentuak ari dira indartzen.

Eta 7 urteko haur batek ba al daki zein tresna jo nahi duen?

I. Z.: 7 urterekin aukeratu eta 8rekin hasten dira. Batzuetan oso argi dute eta batzuei nabaritu ere nabaritzen zaie nondik joko duten. Gu ere laguntzen saiatzen gara, nolakoa den umea ikusten dugu, zein joera duen... Herrian instrumentu bat baino gehiago egon behar direla ere hartzen dugu kontutan. Denek gitarra jo nahi badute, ezin da talderik osatu, ez du jokorik ematen. Eta jokoa da, azken finean, gaztea lotzen duena. Nahiz eta instrumentu bat asko gustatu, gero ez badu hori taldean jotzeko aukerarik, aspertu egingo da.

Loatzora etortzen diren ikasleei instrumentu bat jotzen irakastea baino harago doa, hala ere, zuen egitekoa.

M. M.: Formazio oso bat eskaintzen dugu. Eusko Jaurlaritzak LOGSE legearen erreforma egin zuenean oso polita jarri zuen guztia, musika guztiok ikasi behar genuela zioen... Mezu oso politak bota zituzten, baina gero, errealitatean, murrizketak besterik ez ziren egon. Filosofia aldetik dena oso polita izan zen, baina baliabideak ez zituzten eskura jarri. Badira, esaterako, guregana etortzen diren eta zailtasunak dituzten haur batzuk eta hauek beraien eskolan ez dute laguntzarik jasotzen diru kontuak direla medio. Gabezi asko daude hezkuntzan oraindik, musikari dagokionez.

Eta nola egiten duzue gabezia hauei aurre egiteko?

M.M.: Ahal den moduan. Aurrekontuei dagokionez, Eusko Jaurlaritzak planteatzen zuena zen, herena beraiek ematea, beste herena gurasoek ordaintzea eta bestea, udaletxeek. Baina arazoa da Jaurlaritzak ez duela berea betetzen, eta ondorioz, beste biek diru gehiago jarri behar dutela.

Gurasoen lana eta laguntza, hortaz, ezinbestekoa da.

M. M.: Gurasoen lana goraipatu behar dugu. Oso garrantzitsuak dira guretzat eta asko lagundu digute. Bidetik gurean sinesten duten politikariak ere topatu ditugu eta eskertzekoa da. Eta ezin ahaztu herrietako eragileak ere, proiektuan jende askok hartu du parte, eta denen lana eskertu beharrean gaude.

Ekitaldi berezia egingo dute bihar, 19:00etan, Ibarrako udaletxean 

Urteurrena dela eta ekitaldi berezia egingo dute bihar, 19:00etan, Ibarrako udaletxeko batzar aretoan. Loatzo instituzionalki Ibarran sortu zuten eta horregatik, 10 urte eta gero, bertara itzultzea erabaki dute. Ainhoa Elizondo irakasleak gidatuko du ekitaldia, eta lehenengo, Loatzoko sortzaile politikoek hartuko dute parte, eta hitza musika eskola sortzean Ibarrako alkate zenak, Iñaki Urkizarrek, hartuko du. Ikasleek eskolan ikasten dutena ere erakutsi nahi dute eskolako arduradunek eta horregatik lehen zikloko ikasle batek eta azken ziklora arte ikasitako beste bik emanaldi bana eskainiko dute. 8 urte dituen Alegiako Lorea Lamprek flauta joko du lehenengo, eta ondoren, 20 bat urte dituzten Mirian eta Irati izango dira eskusoinua eta biolina jotzen. Bestalde, gaur egungo lehendakariak, Altzoko Jasone Armendarizek, ere hitz egingo du irakasle gazteetariko batekin, Leire Telletxearekin, eta Iñaki Salvador zuzendariarekin batera. Batzarkide zaharrena, hasieratik orain arte jarraitzen duena, ere gonbidatu dute ekitaldira, Adunako Iñaki Aristeta hain zuzen, eta baita gurasoen ordezkari bat ere. Bukatzeko Jexux Murua Altzoko gurasoak idatzitako bertso batzuk botako dituzte Ibarrako haurrek eta kalejiretan erabiltzen dituzten zapiekin 10 urte hauetako ibilbidea ere irudikatuko dute. Ekitaldiak plazan izango du jarraipena, bertan izango baita musika banda zain, eta Aimar Odriozola ikasleak eta Aurresku Txapelketako irabazleak Agurra dantzatuko du. Jatekoa eta edatekoa ere egongo da bertaratzen direnentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!