Ostiral Mehearen beste aurpegia

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urtarrilaren 23a

None
None
None
None
None
None

1978.urtea izan zen, Arpegi taldeak inauterietako ikuskizuna taularatu zuen lehenengoa. Ostiral Mehe berpizteko helburuz hasi zena, iruditan aurkeztu du taldeak, Topic aretoan, ‘Arpegi is different’ erakusketan.

Ostiral Meheko jaialdia, Tolosako inauterien egitarauan tradiziozko ekitaldi bilakatu da zenbait herritarrentzat. Duela hiru hamarkada baino gehiago Arpegi taldeak hasi zuen jaialdi honen beste aurpegi bat ikusi ahal izango dute bisitariek, argazki garaikideen bitartez, Arpegi is different erakusketan, Topic zentroan, otsailaren 1a bitarte.

Iñaki Elola da erakusketako argazkien egilea, eta jaialdiko entseguak nahiz taldeak burututako grabazioetako irudiak daude ikusgai, 49 erretratutan barrena. Aipatzekoa da, zenbait argazkik eskuz egindako pinturen itxura dutela; autoreak erabilitako teknikaren isla dira.

Besteak beste, parte hartzaileen lehen planoak, taldeko argazkiak, nahiz jaialdi eguneko irudiak dira bildu dituztenak, eta mozorroak dira nagusi; zezen munduko parodiek argazkietako asko hartzen dituzte.

35. jaialdia aurten

1978ra atzera egin behar da, Arpegiren jaialdia nola hasi zen jakiteko. Sortzaileek Ostiral Mehe eguna sustatzea zuten helburu nagusitzat, eta zenbait inauterizale elkartu ziren horretarako; Arpegi izena eman zioten talde hari, eta playback saio bat antolatu zuten.

Gaur egun, saioak hainbat aldaketa jasan ditu, eta belaunaldi berriek ere parte hartzen dute; garai berrietara egokituz, beraz, esketxak nahiz bideo proiekzioak eskaintzen ditu, besteak beste, Arpegik.

Erakusketa pasa den urtarrilaren 11n inauguratu zuten, jaialdiko aitzindariak diren Joxean Larrañaga, Roberto Diez, Jose Antonio Larrañaga Urko eta Alejandro Diezek, eta datorren otsailaren 1era bitarte ikusgai izango da. Gainera, aipatzekoa da, aurtengo inauterietan ere izango dela Arpegi Leidor aretoko oholtzan ikusteko aukerarik. Ostiral Mehe egunean izango da, otsailaren 8an, 22:45ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!