Leidor bete du ia, ‘Agur esatea’ren estreinaldi aurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 23a, 10:54

Txalo zaparrada jaso du Izaskun Arandia tolosarrak ekoitzi eta idatzi duen animaziozko filmak

Bikoizle, lankide eta adiskideak alboan izan zituen Arandiak, estreinaldi aurrekoan.

Hamahiru urte Ingalaterran igaro eta gero, aspaldiko partez Leidorrera itzuli zen, Izaskun Arandia tolosarra. Agur esatea (To Say Goodbye) animaziozko filmaren estreinaldi aurrekoak aretoa bete zuen ia, eta txalo zaparrada epelak bide eman zion pelikula ondorengo solasaldiari. «Leidorrera azkenekoz etorri nintzenean, eserlekuak gorriak edo granateak zirela uste dut!», azaldu zuen zinegile tolosarrak barre artean.

Matt Richards zuzendariarekin elkarlanean, ekoizle eta gidoilaria izan da, Arandia, pelikula honetan, eta Donostiako Zinemaldian eskaini zuten lana, lehenengoz, Euskal Herrian.

36ko gerran Euskal Herritik Ingalaterrako Southamptonera eraman zituzten 4.000 haurrak dira, film luze horretako protagonistak. Garai hartan haur, eta gaur egun adineko pertsona diren horien ahotsak publiko euskaldunari hurbiltzen, berriz, euskal aktore eta bikoizleak aritu dira: Xebe Diez, Kandido Uranga, Klara Badiola, Marian Galarraga, Iñaki Beraetxe, Mariasun Pagoaga, Kontxu Odriozola, Mikel Mendizabal, Miren Aranburu, Martin Mendizabal, Jose Manuel Goikoetxea, Ramon Agirre eta Jose Ramon Larrea.

Horrela, Tolosako saio berezian, Klara Badiola ondoan izan zuen Izaskun Arandiak. Halaber, Ane Gabarain aktorea ere bertaratu zen, eta baita filma crowdfunding-aren bidez ekonomikoki babestu zuten bi lagun ere.

Ikusleak eseri bezain pronto, Martxelo Otamendik filma aurkezteari ekin zion: «Guretzat, euskaldunontzat, oso hunkigarria den gai bat aukeratu du Izaskunek bere lehen film luzea egiteko». Bide beretik, pelikularen euskarria ere nabarmendu nahi izan zuen Otamendik: «Animaziozko filma da, eta oso euskarri ezohikoa, beraz. Izan dadila, hauxe, Izaskun Arandiaren ibilbide luzearen lehen pausoa».

Benetakotasunaren bila

Proiekzioa amaitu ondoren, solasaldiari ekin zioten Martxelo Otamendik eta Izaskun Arandiak. Ikus entzule batek, esaterako, animazioa aukeratu izanaren arrazoia ezagutu nahi izan zuen.

Batetik, publiko gaztea harrapatzeko helburutik abiatu ziren, egileak, Agur esatea sortzerakoan; «eta beren gustoko estetikaren bat etor zitekeela» pentsatu zuten. Horrez gain, protagonisten adinak ere zerikusia izan zuela azaldu zuen Arandiak: «Pertsonaiak oso helduak dira, eta beren haurtzaroaz ari dira; hori dramatizatzea, beraz, ezinezkoa da. Beste aukera, orduan, istorioa berreraikitzea zen, baina niri ez zaizkit batere gustatzen horrelakoak».

Hasiera batean kontrakoa iradoki dezakeen arren, beraz, benetakotasunaren bila sortu zuten animaziozko filma, eta ez edozein animaziozkoa, gainera. Irudi errealak ere txertatu dituzte Richards-ek eta Arandiak, animazio bilakatuta. «Azken finean, hau gertatu egin zen, Euskal Herrian gertatu zen, eta kontatzen dutena egiazkoa da. Animazio hutsarekin, fikziozkoegia irudi zezakeen pelikulak, eta hunkigarria da gerrako irudiak ikustea», azpimarratu zuen Izaskun Arandiak.

‘Habana’ itsasontziaren patua

1937ko apirilean, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko eskaera egin zuen, gerragatik haurrak ebakuatzeko. Zazpi herrialdek soilik erantzun zuten: Ingalaterrak, Danimarkak, Belgikak, Sobietar Batasunak, Frantziak eta AEBk. Azken hauek katolikoak zirela eta, ez zuten ebakuazioa onartu.

Horrela, urte bereko maiatzaren 21ean irten zen Habana ontzia, Southamptonera (Ingalaterra). Hiru hilabeterako bakarrik zihoazela uste zuten guztiek, baina itsasontzi hartako hainbat haur ez ziren Euskal Herrira itzuli. Pelikulako 14 gizon-emakumeak dira, itzuli ez ziren 250 haurretako batzuk, eta beren testigantzek harrapatu zuten Leidorreko ikuslegoa. Gosea, beldurra, bakardadea, zikinkeria,... Zortzi hamarkadatik gora izan arren, zehaztasun osoz gogoratzen dituzte, oraindik ere, txikitan pasatakoak.

 

NANTESKO JAIALDIKO HAUTAGAIETAKO BAT IZANGO DA 'AGUR ESATEA'

Agur esatea filmeko lantaldeak atzo bertan jaso zuen berria: Nantesko (Bretainia) zine jaialdian parte hartuko du pelikulak. Datorren martxoaren 7an hasiko da, eta Ventana Vasca atalean hautagaietako bat izango da animaziozko lana.

Era berean, 29. Euskal Zine Astean ere ikusgai izango da lana, Gasteizen. Emanaldia datorren otsailaren 26an izango da, eta Beerbug film laburrarekin eta Maru Soloresen Camera Obscurarekin batera eskainiko dute.

Nazioartean barrena

Gernika izango da, Agur esatearen hurrengo aretoa, estreinaldi ofiziala eskainiko baitute bertan.

Modu berean, Elorrion eta Arrasaten berretsi dituzte saioak, eta herri txikietatik ere deitu dietela azaldu du Arandiak.

Hala ere, «nazioartean interesa piztu» duela nabarmendu du tolosarrak: Brasil, AEB eta Portugaldik deitu diete, besteak beste.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!