Maila aurreratuko sukaldaritza ikastaroa, aukeran

Ataria 2013ko urtarrilaren 22a

Villabonako eta Zizurkilgo udalek maila aurreratuko sukaldaritza ikastaroa antolatu dute. Hilaren 28an, astelehenean hasi eta martxoaren 4an bukatuko da. Villabonako Irrintzi elkartean izango da, eta ikastaroaren barnean, ardoa eta gazta dastatzen ikasteko saioa ere izango da.

Edonork parte hartu dezakeen arren, ikastaroari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko zerbait jakin behar dela aurretik jakinarazi dute antolatzaileek. Izena hilaren 24a baino lehen eman behar da Villabonako Udaleko kultura sailean. Sukaldaritza tradizionalean oinarrituta dago programa, baina berrikuntzetarako tartea ere izango du, eta errezeta berritzaileak ere landuko dira.

Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen erroldatuta daudenek 58 euro ordaindu beharko dute, eta 75 euro kanpokoek. Plaza mugatuak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!