2020rako CO2 isurtzeak %20 murriztu nahi ditu Tolosako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 22a, 10:45

Plan estrategikoa aurkeztu dute horretarako, udaleko sail guztiei eragingo dien jarduerekin

Jarraipen mahaia osatu dute adituekin, eta herritarrek ere iradokizunak egin ditzakete.

Tolosako Udalak, 2020. urtera begirako energia plana aurkeztu berri du; zazpi urte barru, isurtzen den CO2 kopurua %20 murriztea da, besteak beste, planaren helbururik behinena.

2007an egindako ikerketa da, egitasmoaren oinarria; Negutegi Efektua sortzen duten Gasen (NEG) isurtzeak neurtu zituzten, diagnostiko bat egin ahal izateko.  Guztira, 84.000 CO2 tona isuri ziren Tolosan; biztanle bakoitzak 4,7 tona CO2, beraz.

Kopuru hau Euskal Autonimia Erkidegoko balioen erdi aldean dagoen arren, Hasier De los Rios zinegotziak, berez goruntz egingo zukeela dio: «2007a erreferentziatzat erabili dugu, krisirik artean ez zegoelako; ohiko egoera baten isla izan zen, horrela, urte hura. Beraz, gaur egun isurtzen den CO2 kopurua baxuagoa den arren, datozen urteotan 2007koa gainditzea aurreikusten dugu, neurririk hartu ezean».

Plan estrategikoa abian

2007ko diagnostikoaren bidetik, ondorioak kontuan izanda sortu dute, jarduera zerrenda. Arduradunek, planak udaleko sail guztiei eragingo diela nabarmendu dute, baina baita herritar eta enpresei ere.

Sei dira guztira, jardueren bidea markatuko duten ildoak: eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria, energia berriztagarriak, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, ura eta inguru naturala. Arlo hauetan guztietan eraginez, 2020. urtean 14.000 tona CO2 gutxiako isuriko lirateke, planaren arabera.

Aipatzekoa da, 2011n Europar Batasunak abian jarritako Alkateen Ituna dela energia planaren aurrekaria, eta Euskal Herrian 14 udal soilik daudela egitasmo honen barruan; eskualdean, Amezketa ere helburu hauen alde lanean ari da.

Joan den astean, energia plana herritarrei aurkeztu zieten, eta jarraipen mahaia osatu dute. Ibai Iriartek azaldu duenez, «lantaldean jende aditua dago. Hala ere, irekita dagoen zerbait da, eta tolosarrek ekarpenak egin ditzakete». Horrela, www.tolosaingurumena.net webgunean planaren zehaztapenak ezagutu daitezke, eta iradokizunak egiteko, berriz, 943 69 75 21 telefonoa edo ingurugiro@tolosakoudala.net helbidea erabili ahal izango dira.

Planaren ildo nagusiak

Eraginkortasun energetikoa. Energia probestu: argiztapena, leihoen isolamendua,...

Mugikortasun jasangarria. Ibilgailu motordunen erabilera gutxitu.

Energia berriztagarriak.Plaka fotovoltaikoak eta termikoak jarri; CO2 jaitsi eta energia ekoitzi.

Hondakinak. Gaikako bilketa sustatu, zabor gutxiago sortuz; CO2 %45 gutxituko litzateke.

Ura. Ur hornidura sarea berritzea eta euri urak aprobetxatzea. CO2 isurtzea %11 jaitsiko litzateke.

Inguru naturala. Landaredia eraberrituz, CO2 xurgatzen da, eta bizi kalitatea ere hobea da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!