Denboralearen eraginak izan dira asteburuan eta alderik txarrena gazteluarrek jaso dute. Leaburutik Gaztelura doan errepidea itxita dago. Bi udaletako ordezkariak izan ziren atzo goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, eta errepidea konpondu eta irekitzeko epeak luze joko dutela azaldu dute azken horiek. Ez dute data jakin bat eman, baina hilabete izan daitekeela esan dute. Aste honen amaierarako, irtenbidea zein izan daitekeen azalduko dutela esan diete bi udalei aldunditik.
Ostegun gauean hondoratu zen zertxobait errepidea, eta ostiralean aritu ziren aldundiko teknikariak behin behinean konpontzen. Larunbat gauean, ordea, berriro hondoratu zen, eta oraingoan zuloa handitu egin zen. Ez dago behin behineko irtenbide bat ematerik errepide horretan, oso ezegonkor dagoelako zorua. Beraz, Gaztelura joan edo bertatik ateratzeko Lizartza aldera jo behar dute autoek, mendiko pista bat hartuz. Bide horrek aldapa handiak dituelako, ibilgailu handientzako Orexara joateko bidea egokitzeko lanetan aritu behar zuten atzo arratsaldean aldundiko teknikariek.
Bestalde, Tolosatik Bidegoianera doan errepidea itxita egon zen luizi baten ondorioz igandean. Santutxu igaro ondoren dagoen gainean, zubiaren inguruan, gertatu zen. Sei metro inguruko lur pareta erori zen eta bi bideak hartu zituen. Azpeitira joan nahi zutenek Beizamako bidea hartu behar izan zuten, eta Bidegoiandik Tolosara joateko Elola bailaratik joan behar izan zuten, gero Santutxu aldean errepide nagusia hartzeko.
Euritearen eraginaren beste aurpegia asteburuan ikusi zitekeen Oria ibaian. Izan ere, hainbat piraguista aritu dira jolasean ibaian sortutako olatuekin, Nafarroako zubiaren azpian.
Elur-maila, 400-600 metrora
Euskalmet agentziaren arabera, gaur elur-mailak behera egingo du. Zaparrada mardulenak eguerditik aurrera espero dira, fronte bat pasatuko baita. Kantauri isurialdean trumoiak jo dezake eta txingorra ere egin dezake. Egoera horrekin, elur-mailak ere behera egingo du egunean zehar; 900-1.000 metrotik abiatu eta eguna amaitzerako 400-600 metrora kokatuko da. Eguraldi umela, haizetsua eta hotza izango dela esan du Euskalmetek.
Bihar euri gehiago izango dela azaldu du eta zaparradak nonahi eta noiznahi botako dituela. Elur-maila 400-600 metro inguruan kokatuko da eta egun amaierarako 800-900 metro ingurura igoko da.