Amasa-Villabonan, ikurrinaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du herritar talde batek
Espainiako banderaren inposaketa salatu zuten billabonatarrek Subijana etxean, asteartean.
Espainiako banderaren inposaketaren aurka eta ikurrinaren alde, herri ekimena osatu dute Villabonan. Bai Euskal Herriarik deituta, hainbat herritarrek asteartean egin zuten batzarretik atera zen herri ekimena.
Espainiako banderaren auzia aztertzeko, Subijana etxean elkartu ziren billabonatarrak bigarren aldiz, hilaren 15ean. Bileran, herritarren ondoan, udaleko kideak eta hainbat elkarte eta eragileren ordezkariak egon ziren. Lehenik eta behin, inposaketa bera aztertu zuten, gaitasun gabetzea bezalako ondorioekin batera. Erantzunak herri mailakoa izan behar duela adostu zuten batzarrean. Espainiako Gobernuaren jarrera azaltzeko unean, gehien errepikatu zen hitza probokazioa izan zen. Aurrera begira plangintza bat egiteko asmoa azaldu zuten, «atsedenik hartu gabe jarraituko dugu borrokan, indarrez eta mehatxuz ezarritakoa udaletxetik kendu arte». Dagoeneko hainbat ekimen martxan jarri dituztela ere azaldu zuten: «Gabonetan herrian informazioa zabaltzen ibili ginen, esku orriak banatuz. Larunbat honetan ere gauza bera egingo dugu, billabonatar guztiek Espainiako banderaren inposaketaren nondik norakoak jakin ditzaten».
Aurrera begira, herriko eragileekin eta elkarteekin jarri nahi dute harremanetan, guztien artean plangintza egiteko eta inposaketari erantzun bateratua emateko helburuarekin.
Lekua ideia guztientzat dagoela azaldu dute, eta jadanik, zerrenda bat osatzen ari direla: mural erraldoi bat margotzea; itzalaldi bat; ikurrinaren aldeko egun bat,...
Espainiako bandera jarri behar dela dion sententzia edo agindua noiz etorriko den ez dakite oraindik, baina herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die herri ekimenak, deialdiei adi egoteko eskatuaz. Lanketa guzti hau ekonomikoki aurrera ateratzeko, ikurrinaren aldeko zozketa bat jarriko dute martxan, asteburu honetatik aurrera. Horrez gain, martxoan Tolosan egingo den eskualdeko manifestaziora joateko eskatu die herritarrei.
Espainiako banderaren inposaketaren aurkako eta ikurrinaren aldeko herri ekimenak, billabonatarrei eurekin bat egiteko eskatu die: «Gure nortasuna eta izaera desagerraraztea dute helburu. Beraien ikurra, gure ikurren pareko ipiniaz, ondoren menpeko izateko. Historikoki, herrialde zapaltzaileek herri zapalduetan erabiliriko praktika da hau: asimilaziotik desagerpenera. Aski da!». Herri ekimenaren esanetan, «soilik euskal herritarroi dagokigu gure ikur ezberdinak aukeratu eta defendatzea». Espainiako bandera udaletxetik zintzilikatzea billabonatarren nahiaren aurka joatea dela azaldu dute: «Espainiako banderaren inposaketak, menpekotasuna eta errepresioa irudikatzen ditu gure herrian, eta ikurrinak, aldiz, Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen ditu. Horregatik, Euskal Herriko udaletxe guztietan, beste euskal ikurren alboan ikurrinak bakarrik egon behar du».