Orendaingo lehen balorazio baten arabera, %93,73a birziklatzen dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 18a

Alkateak gutxi gorabeherako datu bat dela nabarmendu du; «hala ere kopuru oso altua da», dio

Azaroa erdialdera jarri zuten abian, sistema berria.

Orendain birziklapenean aitzindaria den herria da Euskal Herrian. Azaroan zero zabor herria izatera pasa zen; hondakin organiko guztia herrian kudeatzen dute eta emaitza bikainak izan ditu alkateak, Gorka Egiak, esan duenez. «Abenduan errefusa gorde dugu hilabete batean zabortegira zenbat kilo hondakin bidaltzen dugun ikusteko. Baita orain biltzen den hondakinaren ezaugarriak aztertzeko ere», esan du. Hil berezia da, gainera, Gabonetan hondakin gehiago sortzen baita.

Emaitza argia da: lehen hondakin kopuruaren %25a sailkatzen zuten, eta zabor bilketa berriarekin hondakinen %93,73a sailkatzen dute, eta %6,27a besterik ez da zabortegira bidaltzen dutena. «Datu hauek gutxi gorabeherakoak dira, kalkulu bat. Behin ere ez dugu herri bakoitzean sortzen zen hondakin kopururik pisatu eta beraz, Tolosaldean sortzen den zabor kopurua hartu dugu erreferentzia gisa, hau da, Tolosaldeko Zabor Mankomunitatearen datuak», azaldu nahi izan du Egiak. «Datuak hala ere, oso onak dira, pixka bat baxuagoak izanda ere, oso onak», gaineratu du.

Datuak

Errefusari bakarrik dagokionez, Orendainen abenduan 340 kg bota dituzte zabortegira, eta hondakin horren %80a pixoihalak izan dira. Tolosaldeko Zabor Mankomunitatearen arabera, lehen, herritar bakoitzak 21,53 kg bidaltzen zituen zabortegira, eta abenduan orendaindar bakoitzak 1,8 kg. Bi datu hauek gurutzatuta, beraz, Orendainen lehen jasotako zabor guztiaren %8,36 ari dira bidaltzen, gaur egun, zabortegira. Hau da, lehen baino % 91,64 guxiago bidaltzen dute orain, zabortegira. Hondakin guztiak kontutan hartuta, mankomunitateak lehen hondakinen %25 birziklatzen zela esaten zuen (lantegietako hondakinak kontutan hartu gabe); biztanle bakoitzak hilero 7,17 kg sailkatzen zituen, eta 21,53 kg zabortegira bidali. Hortaz, etxean, hilero 28,7 kg hondakin sortzen zituen herritar batek. Orain berriz, %93,73 sailkatzen dute orendaindarrek, eta %6,27a bidatzen dute zabortegira.

Balorazio positiboa

Egiak herritar guztiak zoriondu ditu egindako ahaleginarengatik, «etxean egindako esfortzu horrek, berehalako emaitza ezin hobeak erakutsi ditu». Era berean, ontzi arinen edukiontzia eta paperarena gainezka egiten ari direla eta ziurrenik beste edukiontzi batzuk jarri beharko dituztela esan du. Zalantzak dituzten herritarrak udalera deitu eta galdetzera animatu ditu. Bukatzeko, herri txikiak sistemarekin hastera animatu nahi izan ditu, «gauzagarria da eta emaitza bikainak ematen ditu».

Pixoihal berrerabilgarriak erabiltzeko kanpaina

Orendainen abenduan jasotako eta zabortegira bidalitako zaborraren %80a pixoihalak izan ziren. Hori dela eta, udaletik, zero zabor filosofiarekin jarraituz, haurrak dituzten edo esperoan dauden pertsonei zuzendutako pixoihal berrerabilgarriak erabiltzeko kanpaina hasiko dute. Bilera bat deituko dute eta bilera horretara joaten direnek berrerabili daitezkeen bi pixoihal jasoko dituzte doan. Pixoihal hauek Ataungo familia batek merkaturatzen ditu eta bileran izango dira beren eguneroko esperientziaren berri emateko. Errefusa gutxiago sortzeaz gain, pixoihal berrerabilgarriak erabiltzea merkeagoa ere badela nabarmendu du Gorka Egia alkateak. Normalean haur bakoitzeko urtean 2.000 euro gastatzen dituzte familiek pixoihaletan, eta berrerabilgarriekin kopurua 200 euroetara jaisten da. Udalak, gainera, %50-75 batean lagunduko die familiei lehen pixoihal berrerabilgarriak erosteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!