Ez dira Euskal Herrian tradizio honi eutsi dioten herri asko geratuko. Atzoko egunez, etxeko animaliak bedeinkatu ohi dira, eta honela urte oparoa izaten omen dute. Izan ere, San Anton da animalien zaindaria, eta izen bera daraman Berastegiko ermitan, urtero urtero, hutsik egin gabe bedeinkatu ohi dituzte animaliak.
Atzokoan ere, ermitara gerturatu zen herritar talde bat, animaliak hartuta. Elizkizuna amaitu zain atarian egon, eta herritarrak eta apaiza irtetearekin batera hasi ziren bedeinkapenak. Ez zuten animali askok jaso apaizak botatako ur bedeinkatua, izan ere, urtetik urtera geroz eta animalia gutxiago eramaten dituzte. Animalien artean nabarmendu beharrekoak, berriz, zakurrak. Jon Ander Aranalde eta Xuban Ugal euren zakurrekin igo ziren ermitaraino. 11 urteko berastegiar hauek «gustura» geratu ziren euren animaliak bedeinkatu ostean. Urtero egiten dutela adierazi zuten: «Ohitura da, eta zorte ona ekartzen die animaliei, beraz, oso pozik egiten dugu».
Lorenzo Eraso berastegiarra ere «oso pozik» geratu zen bere zakurkumea bedeinkatu eta gero. Bodegero Andaluz arrazako Txita izeneko txakur bizia eraman zuen ermitara: «Duela bi hilabete eskuratu nuen Rincon de Soto (Errioxa, Espainia) herrian, arraza garbikoa da, bikaina sagu eta arratoietarako, eta bedeinkatzea falta zitzaion zortea izan dezan». Ez zen atzokoa San Anton egunez animaliak bedeinkatzera ermitara gerturatzen zen lehendabiziko aldia: «Ia urtero etorri izan naiz, normalean zakurrekin, baina antxumeren batekin ere etorri izan naiz».
Herritarrak, bada, pozik euren animaliak bedeinkatuta, eta guztia borobiltzeko hamaiketakoa egiteko aukera ere izan zuten. Ermitaren atarian jatekoa eta edatekoa jarri, eta gustura hartu zuten bertaratu zirenek.