Urte berria gailur gainetatik hasteko ohitura belaunaldiz belaunaldi igaro izan den lekukoa da. Urteko lehen egunaz haratago, ordea, Tolosaldeko eta Leitzaldeko mendizaleek hamaika tontor ezagutzeko aukera dute.
Aspaldidaniko ohitura da, urtea mendi tontorren batera igoz hastearena. Aurretik etorriko diren 365 egunak hobeto joango direnaren erdi-sineste horri tiraz, urtarrilaren 1a mendirako eguna ere izan ohi da, beraz.
Urteko lehen egun horretatik haratago, ordea, hamabi hilabeteetan barrena, oso sustraituriko ohitura da Euskal Herrian, hango eta hemengo baso, tontor, malda eta paisajeak ezagutzearena.
Leitzako Mendibil taldeak Arette-ra irteera antolatu zuen iaz, eta aurten ere eskiari eskaini dizkiote zenbait txango.
Euskal parajeen orografia izan liteke arrazoietako bat, eta horren ondorioz, antzinako hainbat ofiziok eurekin zekarten mendia gertu izan behar hori. Gaur egun, ordea, ofizioa afizio bilakatu, eta mendizaleen aisirako helmuga bilakatu dira, negu, udaberri, uda nahiz udazkenean, tontorrik malkartsuenak.
Herrietatik alde egin eta naturaz gozatzeko zaletasun honen erakusgarri dira, Tolosaldean nahiz Leitzaldean sortutako mendi taldeak. Zortzi dira guztira, eta ia gehienek, prestatu dute jada, aurtengo mendi egutegia.
Mendiko parajeez gozatzeko hamaika eta bat modu dauden gisa berean, mendi talde bakoitzak ere bere erara antolatzen du urte osoko agenda; batzuek, hilean behin finkatzen dute mendirako hitzordua, eta beste batzuek, berriz, hilabetero jarduera bat baino gehiago prestatzen dituzte.
Gainera, badira botak eta makila hartuta oinez ibiltzearekin asetzen ez diren mendizaleak. Horientzat guztientzat ere, bada nahikoa eskaintza bi eskualdeetan. Iraupen eskia zein eski alpinoa, espeleologia, arroila jaitsiera, via ferratak, orientazioa nahiz negurako prebentzioa dira, horrela, zenbait mendi talderekin 2013an burutu ahal izango diren jardueretako zenbait.
Egitarauak, abian
Mendi talde batzuek hasi dute jada 2013. urterako prestaturiko egutegia. Alpino Uzturre taldearen kasua da, izan ere, pasa den urtarrilaren 13an burutu zuten lehen irteera, Ezkurratik Goizuetara bitarteko ibilbidea eginez.
Asteburu honetan, berriz, Iparraldeko parajeak bisitatuko dituzte, Nafarroa Beherean eta Lapurdin barrena; Luhusotik Ortzaizera joango dira. Irteera honen, nahiz Alpino Uzturreren inguruan, informazio gehiago eskuratzeko, sarean ere badute beren ataria: http://www.alpinouzturre.com.
Leitzako Mendibil mendi taldeak ere, asteburu hauxe gorde dio urteko lehen irteerari, eta Gipuzkoan ibiliko dira: Pasai Donibanetik Jaizkibelera igoko dira, ondoren Hondarribira jaisteko.
Mendi ibilaldiez gain, ordea, eskiari ere tarte nabarmena eskaintzen diote leitzarrek, urte osoko egutegian. Zehaztasun gehiagorako, hauek ere badute txokoa, interneteko mundu zabalean: http://www.blogak.com/mendibilaurrera.
Amasa-Villabonako mendizaleek ere, urte osorako hitzorduz beteriko agenda dute, Aizkardi mendizale elkartearen jardunari esker. Zailtasun handiagoko edo txikiagoko irteerak antolatzen dituzte, familian zein haurrekin mendira joan nahi dutenentzat, Horrez gain, urteko zita bereziena Aizkardiko mendi martxa izaten da eurentzat; 45. martxa izango da aurtengoa. Aldian aldiko informazioa eskuratu ahal izango da, http://www.aizkardi.com web orrian.
Aurrekoen bide beretik, Tolosako Oargi mendi elkarteak ere, asteburu honetan ekingo dio urte osoko jarduera sortari, http://www.oargi.org-en irakur daitekeen moduan. Ez da, hauen kasuan, mendi ibilaldi soila izango, eta negurako bereziki prestatutako segurtasun ikastaroa antolatu dute, Lizarra inguruetan.
2013rako egutegi zehatzik ez dute egin, oraindik, Asteasuko Sagain mendi taldeko kideek. Dena den, Euskal Herriko kostaldea ezagutzeko ahalegin berezia egingo dute aurten, trekking ibilbideko 10 etapa burutuz. Haurrekin egiteko moduko bi irteera ere antolatu nahi dituzte udaberri inguruan, gainera. Beren inguruko informazio zabala dute, http://www.sagain.org loturan.
Ibarrako mendizaleek, azkenik, aste bete itxaron beharko dute Haitzetan Raju mendi taldearen egutegia abian jartzeko. Datorren asteburuan, urtarrilaren 26 eta 27an, irteera egingo dute hauek, Iparraldera; Zuberoako mendietan gora egingo dute, beraz, bi egunetan. Mendia teknologia berrietara eramanez, Facebook-en argitaratzen dituzte, beren berririk freskoenak: http://www.facebook.com/haitzetanraju.menditaldea.
Aipatzekoa da, Alegiako mendi asanblada eta Amarozko mendi taldea ere aurrekoen jardun bertsuan aritzen direla. 2013an hamaika irteera burutuko dituzte, beren auzo eta herrietan mendizaletasuna sustatuz. Amarozko mendi elkartearen berri izateko, http://www.facebook.com/mendizale.amaroz edo http://sites.google.com/site/amarozmendia atariak bisita daitezke.