Bakarrizketen Gaua izango da bihar, Villabonako Gurea antzokian

Ataria 2013ko urtarrilaren 17a

Villabonako Udalak Umorezko Bakarrizketen Gaua antolatu du biharko. Gurea antzokian izango da 22:30etik aurrera, eta lau bakarrizketarik hartuko dute parte. Sarreraren salneurria 5 eurokoa izango da, eta leihatila 21:45etik egongo da irekita.

2010ean eta 2011ean lehiaketa kutsuarekin antolatu zuen udalak bakarrizketa saioa. Oraingoan, berriz, ez da lehiaketa izango, eta «jendeak ongi pasatzea eta barre egitea» izango du helburu. Parte hartuko duten lau aktoreak ondorengoak izango dira: Jon Plazaola urretxuarra, Eneritz Artetxe gernikarra, Barry Manley irlandarra eta Txiki Martinez donostiarra. Aurkezle lanetan, berriz, Jone Gorostarzu berastegiarra ariko da. Aktore bakoitzak 20 minutu inguruko bakarrizketa egingo du, eta ikuskizunak, guztira, ez du 90 minutu baino gehiago iraungo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!