Herritarrei Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzaren inguruko informazioa eskaintzea da helburua
Gaur hasiko da, Altzon, Ikasmina: herriz herri egitasmo berria. Tolosaldean Ikastn-ek antolatuta, eta Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza proiektua sustatzeko asmoz, Tolosaldeko herri guztietara helaraziko dute Ikasmina: herriz herri, datorren martxora bitarte.
Gemma Zelaia arduradunak azaldu duenez, hiru dira, egitasmoaren helbururik behinenak: «Eskualdean bizi diren biztanleei ikasmina sustatzea, ikaskuntzarako aukera guztien informazioa eskainiz; udalerrietan ikasminaren arrastoa uztea, ikaskuntza beharrak detektatuz; eta azkenik, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza gizarteratzea».
Horrela, beraz, 46.000 biztanle ingururi eragitea da antolatzaileen nahia. Izan ere, informazioa eta aholkularitza doan eskainiko dute herriz herri prestatuko dituzten guneetan.
Besteak beste, norberaren interes eta gaitasunak indartu, garapen propiorako tresnarik eraginkorrenak landu, ikasteko gogoa pizten duten arrazoiak ezagutu, zeharkako gaitasunak indartu, hezkuntzaren esparruan norberak izandako esperientziaz hitz egin, edo bakoitzak arlo honetan dituen hutsune eta premiak ezagutu ahal izango dira jarriko dituzten informazio guneetan.
Herri bakoitzeko udaletxeetan, kultur etxeetan, liburutegietan nahiz eskoletan eskuratu ahal izango da Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzaren inguruko informazioa. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 09:00etatik 13:00era bitarte izango dira, eta astearte eta ostegunetan, berriz, 14:00etatik 18:00etara.
Gaur hasiko dira, Altzon, eta jarraian, Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Bedaio, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil, Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia eta Alkiza bisitatuko dituzte.
Hitzordua aurrez ere eska daiteke, ikasekin@tolosaldea.com-era idatziz, edo 943 65 11 47 nahiz 615 77 56 78 telefonoetara deituz.