AHTaren aurkako oihua inoiz baino garrantzitsuagoa dela azaldu dute Elkarlanetik

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 16a, 10:24

AHT Gelditu! Elkarlanak galdera bat kaleratu nahi izan die eskualdeko herritarrei, abiadura handiko trenaren inguruan: «Nola liteke inoiz baino aurkari gehiago dituen momentuan, inoiz baino aurkako mugimendu eskasagoa egotea?». Ulertzea erraza ez dela iritzita, herritarrak mobilizazioetara deitu dituzte. Horietan lehena, bihar bertan egingo dute Anoetan, udaletxearen aurrean, 08:30ean.

Elkarretaratzearen leloa Desjabetzerik ez! AHTrik ez! izango da. Elkarlanetik azaldu dutenez, azpiegituraren Hernialde-Zizurkil zatiko desjabetzeak urtarrilean izango dira lau udalerritan: Hernialden atzo eta gaur; Anoetan bihar, Asteasun 23an eta Zizurkilen 24an.

Elkarlanetik «gogor salatu» nahi izan dute proiektua, eta kasu honetan, desjabetzeak azpimarratu dituzte. Hori gizarteratzeko antolatu dute bihar Anoetan deitu duten elkarretaratzea: «Aipatu beharra dago, herria bera, oso esanguratsua dela, bertan egin zen galdeketa medio. Argi eta garbi esan zien anoetarrek ezezkoa AHTari», gaineratu dute elkarlanetik.

Zizurkil-Andoain zatiari dagokionean, azpiegituraren aurkako gizarte eragileak lanak hasiak dituztela aipatu dute: «Adunan dagoeneko zati honetan erabiltzeko asmoa duten zabortegietako bat garbitzen ari dira. Hondakin kutsakorrak dituen mina bat da. Horretaz gain, lanetan zehar erabiliko dituzten etxolak martxan daude, eta egin asmo dituzten tuneletarako bidea prestatzen ari dira». Horrez gain, lanen hasieran zein lanetan zehar, zundaketak egiten ari direla azaldu dute: «Honako hau da, eraikitzen ari diren modu lotsagarriaren erakusleetako bat, non, normaltzat jo daitekeen ondoren ezbeharrak izatea. Era berean, lanean ari diren beste hainbat zatitan, berriz ere desjabetze gehiago ari dira burutzen. Tolosako zatian, zein Legorretakoan adibidez. Ez dute hasieratik ezer argi uzten».

Krisi ekonomikoak AHT geldituko duela diotenei, hori ez dela horrela gertatuko erantzun diote elkarlanetik: «Kapitalista maltzur hauei bost axola zaizkie herritarrak. Gainera, espreski Europatik mailegua jaso berri dute. Dagoeneko hipotekatuta gaude, pixka bat gehiago ez da ezer». Krisiak geratu esperoan baldin bagaude, eurak lasaiago jarraituko dute». Horregatik deitu dituzte herritarrak elkarretaratzera, inoiz baino garrantzitsuagoa delako, elkarlanaren esanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!