Alerta egoeran, euritearen ondorioz

Ataria 2013ko urtarrilaren 16a

Asteburuan hasi eta atzora arte ez zuen euriak etenik izan, eta ondorioak nabariak izan ziren eskualdeko erreka, ibai nahiz urtegietan. Euskal Herriko beste zonalde batzuetan bezain ondorio txarrak izan ez arren, gainezka egin zuen urak puntu askotan, eta egun osoan zehar alerta egoeran egon ziren larrialdi zerbitzuak.

Baliarraingo Ibiur urtegiari dagokionez, bete egin zen eta goiko ur zuloetatik ura botatzen hasi zen. Urtegi hori zabaldu zutenetik estreinakoz gertatu da hori. Ur Zerbitzuetatik azaldu dutenez, «presa betetzean jarraitu beharreko ohiko prozedura da».

Bestalde, ibaiei eta errekei dagokienez, puntu gatazkatsuenak Oria ibaia Alegian eta Araxes erreka izan ziren. Oria ibaian, Alegiako kontrol gunean, 1,38ko maila zuen herenegun urak, eta 1,89ko mailara igo zen atzo eguerdian. Alarma 0,80tik gora pizten da, eta gainezka egiteko arriskua 2,30ean dago. 55,1 l/m3ko batu ziren bertan arratsaldeko 19:00ak bitarte. Araxesen, berriz, 1,60ra igo zen uraren maila, eta gainezka egiteko arriskua 2 metrotan dago. 56 litro ur pilatu zen bertan.

Berastegiko errekak ere ur ugari zeraman, eta ur kopuruari dagokionez, litro gehien bota duenen artean dago herria, 83 litrorekin. Beste puntu esanguratsua Bidania izan zen, 62 l/m3korekin.

Arazoak batean eta bestean

Gipuzkoako Foru Aldunditik lasaitasunerako mezua zabaldu zuten, izan ere, «eguraldiaren iragarpenek diotenaren arabera, euria egiten jarraituko du, baina gutxiago botako du, beraz, egoerak mantentzera edo hobetzera egingo du». Hori bai, alerta egoeran jarraituko dute gaur ere, hainbat puntu gatazkatsutan gerta baitaiteke ibai eta errekek gainezka egitea.

Hain zuzen ere, hori gertatu zen Zizurkilen eta Asteasun gainezka egin baitzuen ibaiak. Villabonan Oria ibaiak ere gainezka egin zuen Txermin auzoan, eta baita Tolosan ere, Zubiberriaren ondoan. Tolosan bertan, Usabal auzoan ere gainezka egin zuen Araxes errekak. Bentaundi eta Auzo Txiki auzoen artean zuhaitz bat erori zen euriaren ondorioz, eta Albiztur aldera doan errepidea moztuta egon zen, eta Tolosatik Anoetarako bidea ere moztu egin beharra izan zuten, Hernialderako bidegurutzean ura atera zelako.

Bestalde, euriteak izaten direnean gertatu ohi den moduan, hainbat lur azpiko garajeetan ura sartu zen, Tolosako Santa Maria nahiz Iurre auzokoetan kasu. Udaltzaingoak bertako jabeei autoak ateratzeko abisua eman zien, eta ura ateratzeko motoreak jarri beharra izan zituzten.

Bada, iragarpenen eta larrialdi zerbitzuen arabera, «okerrena» igaro den arren, oraindik ere zeruari begira igaro beharko da, ostera lasaitasunera heldu bitarte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!