Ehunka ziztada jaso zituen Villabonatik Berria egunkariak, joan den ostiralean, Gurean egindako jaialdian. Antzokia leporaino bete zen herriko kultur taldeek eta beste zenbait artistek eskaini zuten ekitaldi bikainaz gozatzeko. Euskaran Ados! lan-mahaiak eta Villabonako Udaleko langile zein ordezkariek gogotik egin zuten lan Berria-rentzat dirua biltzea helburu zuen jaialdia ongi atera zedin. Antolatzaileen arabera, «ekitaldia zoragarria izan zen: ikusleek biziki gozatu zuten oholtza gainera igo ziren taldeekin». Izan ere, Petti abeslariak, Oinkari dantza taldeak, Loatzo musika eskolak, Eresargi Abesbatzak, Eresargi Gaztek, Harituz Tolosaldeko bertsolariek eta Lain taldeko kideek «sekulako ikuskizuna» eskaini zuten. Horiek guztiek «txalo zaparrada izugarria» jaso zuten, erakutsitako originaltasuna eta kalitatea eskertze aldera. Amasa-Villabonako Udalak ekimenaren inguruko albiste eta argazkiekin atala sortu du, www.villabona.eu/eu/ziztada-berriari helbidean. hitza