Sei eragilek babesa eman diote Bilboko manifestazioari

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urtarrilaren 11

«Presoei dagozkien oinarrizko giza eskubideak errespetatzea» eskatu dute testu bateratuan

Herrirak presoen giza eskubideen alde bihar Bilbon deituriko manifestazioarekin bat egin dute, LABek, EHNEk, Laskoraingo Ikasle Independentistek, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feministak eta Bilduk.

Besteak beste, «gatazka egoera atzean utzi eta denen artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak» daudela azaldu dute testu bateratuan, eta «gatazkaren ondorio guztiek konponduak» izan behar dutela diote.

Honen harira, «gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoerari arreta jartzea beharrezkoa» dela uste dute eragile hauek guztiek.

Horrela, «euskal presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea, espetxe zigorren luzatzeekin amaitu eta de facto bizi osorako espetxe zigorra dakarten neurrien indargabetzea, eta pertsona gisa dagozkien giza eskubide guztien errespetua» eskatu dituzte, sinaturiko testuan.

Honenbestez, «aldarrikapen hauei bultzada emateko», eta bide honetan, «frantziar nahiz espainiar gobernuei urratsak ematea eskatzeko», bihar Bilbon burutuko den manifestaziora joateko deia egin nahi izan diete herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!