Iker Karrera; mendi lasterkaria
Iker Karrera mendi lasterkariak denboraldi bikaina utzi du atzean. 2011n Mont Blanceko ultra trailean bigarren eginda eman zuen ezustekoa, eta horregatik 2012an mailari eusten ziola erakutsi beharra zuen, eta lortu du; bost garaipen izan ditu. Salomon taldeko kidea da eta 2013an ere bertan jarraituko du. Gogotsu dago denboraldi berria hasteko.
Karrera Transalpine Run proba egiten; binaka eta zortzi egunetan egin zuen lasterketa, eta irabazi egin zuen
2012ko denboraldia emaitza bikainekin amaitu duzu, baina azken proba, Reunion irlako Diagonale des Fous, hasi eta gero uztea erabaki zenuen, ez zen erabaki erraza izango...
Azken lasterketara gogotsu joan nintzen, baina behar adinakoarekin ez, behar bada. Nekatuta nengoen eta fisikoki ere ez nengoen onenean. Gerora ere nabaritzen ari naiz eta gorputza bere onera behar den bezala etortzera kostatzen ari zait. Nahiko nekatuta iritsi nintzen lasterketara eta lasterketa benetan gogorra da. Klima aldetik baldintza gogorreko eguna egokitu zitzaigun gainera. Nik garbi daukat bukatzea bezain garrantzitsua dela nola bukatzen den, eta nire asmotan ez da sartzen arrastaka ibiltzea.
Denboraldian hala ere, zazpi lasterketa egin dituzu, eta bost irabazi. Aurreikuspenetan sartzen al zen?
Lasterketa sorta bat dago eta emaitzarik onenak lortzen saiatzen zara beti, hori da nahia beti, baina emaitza hauek lortzea ez da erraza, eta ondorioz, balorazio oso ona egiten dut.
2011n Mont Blanceko ultra trailean bigarren egin egin zenuen ezustekoa emanaz, horren zama nabaritu al zenuen iazko denboraldian?
Garrantzitsuena eta zailena, zenbat lasterketa irabazi ditudan baino gehiago, 2011ko ezusteko horretan erakutsitako mailari eustea izan da. Bestela pentsatu ahal da bigarren postu hori kasualitatea izan zela. Nere kezka iaz, horixe izan zen, ea eutsiko nion Mont Blanceko proban erakutsitako mailari. Nahiz eta beste alde batetik, horixe bera motibazio bat ere bazen. Nik banekien hobetzeko gaia bazegoela, eta horregatik lana beste modu batera egiten hasi nintzen, eta emaitzak azkenean atera dira. Irabazitako lasterketa kopurua baino, garrantzitsuena maila mantentzea da.
2013rako ere maila oso altua mantendu beharko duzu...
Emaitzak garrantzitsuak dira, baina horren atzetik gauza dezente gehiago daude, eta nire kasuan hasitako bideari eustea da nire helburua. Salomonekin gutxienez beste urte bete badaukat, eta bide horri eutsi nahi diot. Oraintxe ari gara denboraldiko egutegia ixten, berandu samar nire gusturako. Nire ibilbidearen barruan beste mota batetako probak egitea ere gustatuko litzaidake.
Eta itxi al duzue jada, desberdina den probarik?
Aurten ere ez naiz Mont Blancera joango eta garai horretan, abuztuan, badira urte batzuk Pirinioetan oso polita den lasterketa bat egiten dutela. Oso gogorra da, Mont Blanc bezain edo gogorragoa, ehun miletako lasterketa bat da eta Frantziako aldean egiten da. Gainontzeko lasterketak ez ditugu itxi oraindik, hitz egiten ari gara.
Nolakoa izaten da negoziazioa?
Alde batetik, niri egitea gustatuko litzaidaken lasterketen berri ematen diet, eta bestetik, Salomonei interesatzen zaizkion probak daude, eta horren arteko oreka mantentzen saiatzen gara. Datak, lasterketa motak... ikusten ditugu, eta hori dena uztartzen saiatzen gara.
Iaz egindako zazpi lasterketetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Guztiek dute zerbait, baina Italian Dolomitetan irabazi nuenarekin oso gustura gelditu nintzen. Dolomitak Dolomitak dira eta Sebastian Chaigneauri irabazi izana ere berezia da, garrantzitsua, munduko lasterkaririk onenetariko bat da. Transalpineko proba ere oso polita atera zitzaigun, zortzi egunetan egin genuen eta desberdina izan zen etapaka eta bikoteka egin genuelako, eta oroitzapen oso ona dut. Azpimarratzekoak horiek dira. Hiru Handiak etxean da, eta polita da, baina lasterketa bezala, aurrekoekin geratzen naiz. Nire kasa egindako Chamonix-Zermat ibilbideak asko bete ziten, marka ahalegin bat izan zen, ez lasterketa bat, eta iaz gehien bete ziten jarduera izan zen.
Mont Blanceko probako ibilbidea aldatu zuten iaz, eta parte ez hartzea erabaki zenuen, atzera begiratuta berdin ikusten al duzu hartutako erabakia?
Pena eman ziten, oso ondo prestatua nengoen, urte guztia horri begira prestatzen joan nintzen eta ikusi zen, hurrengo egunean Transalpinera joan nintzen eta zortzi egunetako lasterketa ondo egin genuen, irabaziz. Ondo prestatuta nengoen eta horren ondo prestatuta egotea ez da erraza izaten eta pena ematen du, horrelako aukera bat behar bada ez zaizulako berriz ere suertatzen, baina oso argi neukan benetako Mont Blanc ultra trailaren ibilbidea egiten ez bazen, ez nuela parte hartuko.
Argi dago fisikoki prestakuntza handia behar dela proba hauek egiteko, baina zein garrantzia du psikikoak?
Erdia, esango nuke. Momentu desberdinak daude; lasterketetan eta denboraldian zehar batzuetan fisikoak tiratu behar du eta beste batzuetan psikologikoki egin behar da indarra, buruak eutsi behar du. Biek dute garrantzia. Distantzia handiak egiten ditugu eta mentalki ere prestatuta joan behar zara beti. Lasterketa guztietan dago beheraldiren bat, eta egoera horietan buruak eusten du, baldin eta hankek eusteko gutxieneko gaitasuna badute, zeren eta bestela arrastaka hasten zara, eta ni ez naiz arrastaka ibiltzearen aldekoa.
Eta nolako prestaketa fisikoa egiten duzu?
Urteko plangintza bat egiten dut, eta karreraz karrera plangintza bat ere egiten dugu, baina ez dago sekreturik, orduak eta orduak ematea entrenamenduetan da gakoa. Lana egitea.
Nahiz eta denboraldiko probak erabat itxi gabe eduki, ba al dakizu 2013ko lehen proba zain izango den?
Inauterietan Txilera joango naiz, Cruce Colombia izeneko proba egingo dute bertan, Andeetan. Hiru egunetan egiten den lasterketa bat da eta ez da oso gogorra, 110 bat kilometro egin behar dira, eta horrekin hasiko naiz. Lehen aldia da Andeetara joaten naizena, eta egia esan ez da garairik onena, ez nagoelako onenean, eta ikusiko dugu zer ateratzen den. Entrenatzen jarraitzeko balioko dit, eta baita leku berri bat ezagutzeko ere.
MOTZEAN
Zein da inguruko mendirik kuttunena? Etxean, ondoan, edukita ezin bestelakorik esan; Txindoki. Horretaz gain, Pirinioak ere asko gustatzen zaizkit.
Zer egiten duzu denbora librea duzunean? Egia esan ez dut askorik, eta dudanean entrenamenduan ematen dut.
Dietari begiratu gabe egindako azken otordua? Urtezaharreko afaria, baina ordutik akabo. Kilo bat gehiago eramatea kalte besterik ez du egiten.
Irakurri duzun azken liburua? Nacidos para correr.
Ikusi duzun azken filma? Intocable pelikula asko gustatu zitzaidan.