Eskualdeko gaztak, onenen artean

Ataria 2013ko urtarrilaren 11

Beste behin ere eskualdeko gaztagileen lan ona agerian geratu da. Birminghamen (Ingalaterra) izan berri da Munduko Gazta Lehiaketa, eta Tolosaldeko hiru gaztagileren gaztek saria jaso dute. Ez da nolanahiko saria, kontuan hartuta, 20 urte dituen lehiaketa munduko entzutetsuena dela, eta azken edizioan 30 lurraldetako 2.781 gaztek hartu zutela parte. 255 dastatzailek osaturiko epaimahaiak Orexako Oihan Txiki kooperatiba, Berastegiko Larte eta Tolosako Martin Txiki saritu ditu, domina banarekin.

Orexako Oihan Txiki kooperatibak urrezko domina jaso du, keturiko gazten sailean. 1989an sortu zen baserriko produktuak ekoizten dituen kooperatiba. Duela lau urte aurkeztu ziren Munduko Txapelketara estreinakoz, eta ordutik, urrezko hiru domina, zilarrezko bat eta brontzezko bi eskuratu dituzte.

Josune Malkorra kooperatibako langileak adierazi duenez, «oso gustura» daude lortutako sariarekin. «Lanean, ahal den egokien aritu eta saria jasotzea oso pozgarria da». Malkorrak azaldu moduan, «saria pertsonalki oso ona da, baina jendeak ez du gehiegi ezagutzen txapelketa hau». Idiazabal jatorrizko deituraren barruan daude euren gaztak, eta beraiek animatuta parte hartu ohi dute lehiaketa honetan.

Egun bizi dugun egoerari dagokionez, «gaztaren ekoizpena urtetik urtera jaisten» ari dela dio Malkorrak. «Mozkin-marjina geroz eta txikiagoa da, izan ere, erabiltzen dugun materialaren prezioa igotzen ari den bitartean, gure prezioak ezin dira maila berean igo».

Zilarra eta brontzea

 

Tolosako Montezkue auzoko Martin Txiki baserrian ere «oso pozik» daude lortu duten zilarrezko dominarekin. Sei aldiz aurkeztu dituzte euren gaztak lehiaketan, eta guztietan jaso dute saria. Orotara, urrezko bi domina, brontzezko bost eta zilarrezko lau batu dituzte. Hori bai, lehiaketa honi ez zaiola lehen zuen garrantzia ematen diote bertatik: «lehen sari hauek jasotzea oso garrantzitsua izaten zen, eta oihartzun handia izan ohi zuen, baina gaur egun ia ez da aipatu ere egiten».

Gaztagile lana «lan gogorra» dela diote Martin Txiki baserrikoek. «Abendu erdialdera hasten gara gazta berria egiten, eta abuztuaren azkenera arte egoten gara lanean; oso lotua da, eguneroko jarduna eskatzen duena». Bestalde, egungo egoera kontuan hartuta, «urte ona» izan da eurentzat, gazta berria egiten hasterako iazko guztia saldua zutelako.

Berastegiko Arantxa Garaiburuk ere badaki zer den urtero saria jasotzea. Larte izenpean egin ohi dituzte gaztak, eta sei urte daramatzate lanean. Azken Munduko Gazta Lehiaketan brontzezko domina jaso dute, eta orotara, super urrezko domina bat, urrezko bat, zilarrezko bat eta brontzezko bost batu dituzte aurkeztu diren sei aldietan.

«Oso pozik» dago jasotako sariarekin. «Gure lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, beraz, eskertzekoa da horrelako sariak jasotzea», adierazi du Garaiburuk. Lehiaketak lehen zuen oihartzuna izan ez arren, jendeari erosterako orduan saridun gaztak erostea gustatzen zaiola dio, beraz, «garrantzitsua da zure gaztak saria izatea». Bestalde, «egungo egoera ona izan ez arren», lanean jarraitzeko asmoa dutela dio berastegiarrak.

Gisa honetako sariak irabazteko gakoaz galdetuta, ez dagoela sekreturik dio: «Gaztak egiteko errezeta gaztagile guztientzat bera da, eta askotan ez da jakiten nolako gazta aterako den, egunaren arabera ere izaten dela esan daiteke».

Sarituak

Orexako Oihan Txiki kooperatiba. Urrezko saria, gazta keturiko sailean.

Berastegiko Larte. Brontzezko saria, jatorrizko deitura gaztarengatik.

Tolosako Montezkue auzoko Martin Txiki baserria. Zilarrezko saria, jatorrizko deitura gaztarengatik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!