Aburuza sagardotegia bisita gidatuak egiten hasiko da

asierimaz 2013ko urtarrilaren 10a

Aburuza sagardotegiaren eskaintza turistikoa aurkeztu zuten atzo. Euskal Herriko Sagardoaren Ibilbidea proiektua eta Tolosa Gourmet egitasmoaren babesean sortutako eskaintza turistikoa da. Ardatza, Aburuza sagardotegiak eskainiko dituen bisita gidatuak izango dira. Ordubete inguru iraungo dute bisita hauek, eta bertan, sagardoa nola egiten den azalduko dute: sagastietatik hasi eta kupelerainoko prozesua.

Bisita gidatu hauen aurkezpen ekitaldian, Aburuza sagardotegiko Josu Aburuza, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria, Arantza Eguzkiza,  Josu Amilibia Adunako alkatea eta Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko arduraduna egon ziren.

Aburuzak eginiko apustuaren inguruan, esker oneko hitzak izan zituzten ordezkari guztiek. Josu Amilibia alkateak, herriko sagardotegi guztien lana azpimarratu nahi izan zuen lehenik eta behin, Adunari bizitza berezia ematen diotelako, eta herriaren izena kanpoan zabaltzen dutelako. Udalak sagardotegien tradizioa bultzatzen jarraitzeko asmoa duela berretsi zuen Amilibiak. Aburuzaren inguruan hitz egiterako garaian, herrian sustraiturik dagoen sagardotegia dela aipatu zuen: «Adunarekin duten inplikazioa azpimarratu nahiko nuke. Udalari edo herriko edozein eragileri beti laguntzeko prest agertu dira, herriko festak direla edo edozein ekitaldi dela; Eusko Labeleko sagardoari ere, herriaren izena jarri diote».

Sagardoaren Ibilbidea

Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko ordezkariak Aburuza sagardotegia zoriondu zuen, eman duen «urrats garrantzitsu» horrengatik. Eskualdeko beste sagardotegiek ere bide hau jarraitzea nahiko luke Ilarregik, eskualdera etortzen diren turistek sagardoaren atzean dagoen kultura ezagutu nahi izaten baitute.

Arantza Eguzkiza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariak, atzokoa egun handia izan zela azpimarratu zuen. Aburuzak orain arte naturaltasunez egiten zuena, hau da, bezero edo lagunei ekoizpenaren atzean zegoen historia azaltzea, orain modu antolatu batean egingo duela aipatu zuen. Sagardoaren Ibilbidea ekimenaren barruan,  jadanik hamar sagardotegi daudela azaldu zuen Eguzkizak, bisita gidatuak eskainiz. Tolosaldean, Adunako Aburuzarekin batera, herri bereko Zabala aurkitzen da zerrenda horretan.

Aburuza sagardotegiko eskaintza turistikoa

Bi aukera

  • Bisita gidatua eta kata komentatua. Sagardoaren mundua barrutik ezagutzeko asmoz, hain ezagunak ez diren sagardotegiko txokoak bisitatzeko aukera izango da: sagastia, dolarea ... Ondoren, sagardoa dastatuko da, komentario labur batzuekin. Aburuza eta Aduna sagardoak dastatuko dira, azken hau, Eusko Labelduna. Laguntzeko, gazta pintxoak egongo dira. Haurrek, sagar zukua edateko aukera izango dute.
  • Bisita gidatuarekin batera, bazkaria edo afaria. Aukera honek, sagardoaz gozatzeaz gain, euskal gastronomia dastatzeko aukera eskaintzen du. Menu nagusia, bigarren menua edo haurrentzako menua dastatzeko aukera egongo da.
Ordutegi eta egunak

  • Asteartetik ostiralera. Bisitak 19:00etan egingo dituzte.
  • Larunbata. Bisitak egiteko aukera 12:30ean eta 19:00etan egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!