Basherri kontsumo taldea eratzen hasteko deia egin dute Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 10a

Tolosan eta Asteasun irekitako bideari jarraiki, Ibarran, kontsumo taldea sortu nahi dute, eta horretarako EHNE sindikatuak eta Biolur nekazari ekologikoen elkarteak sustatutako Basherri ekimena abiaraziko dute. Asmoa  eta helburua bakarra da «gaur egungo elikadura sistemari alternatiba bat eskaintzea», Gipuzkoako Basherri taldeko koordinatzaile den Pedro Alberdik azaldu duenez.

Lehen bilera urtarrilaren 17an, 18:30ean, kultur etxean izango da, eta bertan izango da ere Alberdi. «Lehen hitzaldi hauek bi zati izaten dituzte, batetik, elikadura burujabetzaren inguruko azalpen orokor bat ematen dugu; nekazaritzaren egoera nolakoa den eta gaur egun, elikadura sistema nolakoa den azaltzen dugu; eta, bestetik, gaur egungo elikadura sistemari dugun alternatiba planteatzen dugu, Basherri taldea».

Taldeen funtzionamendua

Bigarren zatian praktikoagoak izaten diren gaiak landuko dituzte, eta taldeak nola funtzionatuko duen azalduko dute. Jada martxan dagoen Tolosako taldeko kideren bat ere izango da Ibarran, eta baita Gazteluko Patxi Navas ere, produktuak eskainiko dituen baserritarra, hain zuzen.

Alberdik, dena den, ekimenera ekoizle gehiago ere batu daitezkeela argitu du: «Baserritar batek interesa du jada, baina ez da ezer itxia, eta behar bada baserritar gehiagok eman nahi dute izena, eta aukera izango dute gurekin harremanetan jarrita».

Navasek barazkiak eskainiko ditu, eta urtarrilaren 17ko hitzaldian izango da bere eskaintzaren eta ekoizpen moduaren inguruan hitz egiteko.

Hitzaldiko bigarren zatian, hortaz, gerturatzen diren pertsonen kezkak argituko dituzte: «Normalean jendearen funtzionamendua nolakoa izango den jakin nahi du. Zer edo zer entzun dute, baina kanpotik, eta galdera zehatzak egiten dituzte; otarretan zer egongo den, banaketak  eta ordainketak nola egiten diren... Orokorrean bilera hauetara etortzen diren pertsonen ehuneko altu batek izena ematen du».

Hasteko, taldea bost lagunekin ere osatu daiteke, normalean taldea martxan jarrita jende gehiago animatzen baita.

Lehen bilera honetan interesa duten pertsonen izenak hartuko  dituzte, eta ondoren, bigarren bilera batera deituko dituzte, dena zehazten hasteko.  Alberdik kontsumo taldeen inguruan informazioa nahi duten herritar guztiak gonbidatu ditu bileran parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!