Dabid Anaut Hizkuntzalaria
Dabid Anaut (Burlata, 1968) Leitzaldeko euskara teknikaria bere ohiko lanpostutik aldenduta egongo da hainbat hilabetez, hain zuzen ere, Euskal Memoria fundazioarekin burutzen ari den proiektua aurrera eramateko. Liburu horretan hasi aurretik, baina, argitaratu berri du beste bat, bestelako gaia eta helburua duena. Hizkuntzaren barrurako atea hizkuntzaren sorreraz, eboluzioaz eta gizakiarekin duen loturaz ari da, eta gai horrekiko interesa piztea du helburu.
Nolatan eta zein helbururekin hasi zinen liburu honen lanketan?
Liburuan lantzen ditudan gaiak asko interesatzen zaizkit. Filologia ikasi nuen, eta ikasten ari ginenean hizkuntzaren jatorriaz eta eboluzioaz edo hizkuntza guk garunean nola dugun... horren inguruan eduki batzuk eman zizkiguten, eta betidanik izan da nire gustuko gaia. Nire lanbidea, bestalde, soziolinguistikari eta hizkuntzaren normalizazioari gehiago loturik dago. Nire gustuko den gai hori duela bi urte hasi nintzen lantzen. Irakurri ahala, pentsatu nuen ni ikasten ari nintzena idatzita jasotzeko modua egon zitekeela. Gainera, euskaraz gai hau dibulgazio moduan jorratzen duen libururik ez dut ezagutzen. Beraz, ez zegoen hori neronek egin nezakeela erabaki nuen, eta irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburua idazteari ekin nion.
Zeintzuk dira liburuaren ildo nagusiak?
Mami nagusia hizkuntzaren jatorria eta eboluzioa azaltzean datza. Gizakiarengan hizkuntza nola sortu zen eta nola joan zen eboluzionatzen azaltzen dut, teoria askoren bidez. Bestetik, hizkuntza bera zer den azaltzen dut. Hor, nola ikasten dugun, edota gure burmuinarekin nola dagoen lotuta ikus daiteke. Biologiaren zati bat badu, hizkuntzalaritzarena ere bai. Honen guztiaren inguruko lanak askotan oso teknikoak izan ohi dira, baina ni idazkera errazago batean saiatu naiz lantzen.
Nori zuzendutakoa dela liburua esango zenuke?
Euskaran nahiz edozein hizkuntzen inguruan interesa duen edonori interesatu ahal zaio lan hau. Ez da behar ez filologo ez hizkuntzalari izatea. Gainera, bibliografia bat ere badago, gaiaren inguruan irakurri eta ikasi nahi duenarentzat.
Zer egiten zaizu bereziki zirraragarri gai honetan?
Hizkuntza denetarako egunero erabiltzen dugu, eta oso tresna bizkorra da. Nik hipotesi guztietatik gehien sinisten dudana da, guk, berez, genetikoki jaiotzetik dugula hizkuntza bera edo hizkuntzarekin zerikusia duen zerbait. Niretzat, beraz, misterioa hori da, nola eta noiz gertatu den zelula bat besterik ez edo australophitecus bat izatetik, gaur egun hizkuntza duen pertsonak izatea. Nola sortu den hizkuntza, alegia.
Eta, nola sortu da?
Bi hipotesi nagusi daude. Batzuk uste dute hizkuntza pixkanaka asmatu zela, hau da, egun batean hitz bat, hurrengoa beste bat, eta horrela. Beste ideia da gizakiaren historian eboluzioan zehar sortu zela. Baina, nola? Galdera horrek asko harritu nau betidanik, eta kontua da, ez dagoela oraindik erantzun finko edo zehatzik. Hipotesi ugari daude, baina ez dago guztiek onarturiko teoria bat. Batzuk duela bi milioi urte sortu zela diote, beste batzuk duela 100.000 urte, batzuk gradualki egin zela, eta besteek kolpean. Oso galdera filosofikoa da, zeloak, aspertzea edo gosea nondik sortu diren modukoak.
Zein teoria edo autore jarraitzen dituzu?
Chomsky eta Pinker bezalako autore entzutetsuak irakurri ditut, eta beste ugari ere bai. Liburutegietan nahiz Interneten gai honen inguruko lan bilduma ikaragarria topa dezakezu. Bakarkako lan handia izan da, asko irakurtzetik ikasi dudana irudikatu nahi izan dut.
Badakiguna da ikusmenaren dohainak garunean bere lekutxoa duen moduan, hizkuntzak ere berea duela.
Bai. Hizkuntza gure burmuinean dagoela ziur gaude. Guztiei gertatu izan zaigu hitz bat esan nahi izatea, baina une horretan burura ez etortzea. Hitz hori badakigu, gure burmuinean nonbait dugu kokatua, baina ez zaigu bururatzen une horretan. Liburuan planteatzen dudan beste puntuetako bat da hori, non dagoen hizkuntza kokatua.
Hainbat bitxikeria ere aurki ditzakegu.
Euskal Herrian bertan, amona bat hil zorian zelarik, euskaraz hasi zen hitz egiten. Familikoek ere ez zekiten euskaraz hitz egin zezakeenik. Txikitan ikasi zuen, baina gero Frankoren garaia zela eta, hizkuntza baztertu zuen, eta ingurukoei ere ez zekiela esango zien, beste hainbatek egin moduan. Bere burua kontrolatzerik ez zuen une horretan hasi zen berriro euskaraz hitz egiten.
Zergatik gerta daiteke hori?
Garunean nonbait, biltegi moduko batean, gordeta geratu zitzaiola hizkuntza erakusten du horrek. Burmuineko lesioekin gauza xelebreak gertatzen dira. Burmuineko atalen batean zerbait gertatu, eta izenik edo aditzik esaterik gabe geratu den jendea dago. Hizkuntzari dagozkien beste gauza guztiak ongi egin ditzakete, baina gauza konkretu batzuk, ez. Lesio baten ondoren gertaturiko patologiak dira, eta burmuinean leku zehatz bat ukitzean hizkuntzaren atal bat hondatu daitekeela erakusten dute. Baina, hori guztia argitu gabe dago. Hau da, aditzak edo izenak edo sintaxia non dauden oraindik ez dakigu, ez gara iritsi erabat ulertzera, burmuina baita gure gorputzeko atalik konplexuena.