2013 urteko lehendabiziko herri batzarra egingo dute Areson, etzi, 20:00etan, udaletxean. Udalak herritarrak deitu ditu bilerara joan daitezen, herriko azken berriak ezagutu ditzaten, aurtengo aurrekontuen berri izan dezaten, eta euren iritzia eman dezaten.
Batetik, Espainiako bandera ez jarri izanagatik Aresoko Udalak jaso duen salaketa azaldu dute batzarrean. Bandera jartzeko aginduaren aurrean hartutako erabakiaren berri orduan emango diete herritarrei. Bestetik, larunbatean, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den euskal presoen aldeko manifestaziora joateko deia egingo du.
Herriko argitegian kontsumo baxuko bonbilak probatuko ditu udalak, eta horren berri ere emango du, eta baita, neguan egin beharreko erreketa, desbroze eta auzolanen inguruan hartutako erabakiez. Administrazio elektronikoa martxan jarri dute udaletxean, eta hori ere azalduko dute batzarrean.
2013ko aurrekontuak
Udalak behin behinean onartuak ditu 2013ko aurrekontuak. Adierazi dutenez, «egoera ekonomikoak behartuta, eta diru laguntzen desagerpenarengatik» ia inbertsiorik ez egitera derrigortu dituzte. Bestalde, zergak eta tasak ez igotzea erabaki dute. Diru sarrerak handituko balira bestelako inbertsioak egiteko erabiliko lukete, hala nola, udaletxe gaineko solairua moldatzea eta ondarea berreskuratzea.
Aresok duen proiektu handietako baten berri ere emango diete udaleko arduradunek herritarrei. Herriaren sarreran etxebizitzak eraikitzeko proiektua Nafarroako Gobernuaren aldeko txostenaren zain dago, behin betiko onarpena izan, eta obrak martxan hasteko. Horretarako, etxebizitza horien eskaria frogatzen duen txostena behar du udalak. Etxebizitza horietan interesa duten aresoarrek zein kanpokoek urtarrilaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.