Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak liburu bat aurkeztuko du Txuri Ollo eta Koldo Azkunerekin batera
Liburua dibulgazio lana da, eta Sucumbioseko indigenen bizimodua islatzen du.
Saberes ancestrales de Sucumbíos izenburua duen liburua aurkezteko hitzaldia antolatu dute, gaur, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Ekuadorko indigenen kultura aniztasuna abiapuntu duen lanaz ariko dira, 20:00etatik aurrera, Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoa, Miren Txuri Ollo antropologoa eta Koldo Azkune kazetaria.
LERA Mugarik Gabeko Antropologoen elkarteak aurrera eramandako egitasmo bat da liburua, eta Ekuadorko Sucumbios eskualdeko gobernuak finantziatu du. Funtsean, eskualde horretako kultura aniztasunaren balioa handitzea, eta antzinako kultur tradizioen adierazpenak sustatzea da helburua.
Fernandez de Larrinoak, Ollok eta Azkunek, zortzi hilabete igaro zituzten Ekuadorren, lan honetarako materiala biltzen, baina egiazki, Sucumbios eskualdeko zenbait biztanlek idatzi dute lana.«Munduko gainerako biztanleek bertakoak nola ikusten dituzten adierazi nahi zuten, eta eurek mundua nola ikusten duten ere bai», azaldu du Kepa Fernandez de Larrinoak.
Horrela, beraz, dibulgazio lana dela argitu du Alkizan bizi den antropologoak, eta interesa duen edonork irakur dezakeela: «Oso bisuala da, argazkiz betea». Saberes ancestrales de Sucumbíos argitalpenean, Siekopai, Siona, A’i Kichwa, Shuar nahiz herrialde afro-ekuadortarretako nazionalitate indigenen historia, izaera, janzkerak, ahozko tradizioak, populazioa, musika, artisautza, etxebizitza, ospakizunak, medikuntzarako botanika nahiz mundu espirituala biltzen dira.
1997an hasitako bidean
LERA ikergunea 1997an sortu zen, mendiko paisajeen ikerketarako zentro gisa; 2005ean, ordea, mendebaldekoak ez diren komunitate indigenen ikerketari ekin zioten.
2009. urteaz geroztik, Lera ikergunea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan antropologiaren ikerkuntzan aritzen den talde bat da
Besteak beste, komunitate indigenen nahiz landa komunitateen arazo eta egoerak aztertzen dituzte .
Kepa Fernandez de Larrinoa, Antropologoa: «Indigenak bizimodua planteatzeko beste modu batzuk sortzen ari dira»
LERA Mugarik Gabeko Antropologoen elkarteko kideetako bat da Kepa Fernandez de Larrinoa, eta gaur, liburua aurkezteaz gain, Ekuadorko herrialde indigenen eraldatzeaz ariko dira.
Nondik nora joango da gaurko aurkezpena?
Gaur egungo Ekuadorko Amazoniako alderdiaren berri eman nahi dugu. Mintzaldian, batez ere, diapositiben bidez erakutsiko dugu bertako egoera.
Zein erakunde dago ekimenaren atzean?
LERA Mugarik Gabeko Antropologoak elkartea Tolosaldean finkatuta dago, eta bertako kideak gara. Lagun gutxi garen arren, bizpahiru proiektu sendo egin ditugu jada Amazonian.
Zein da proiektu hauen oinarria?
Kultur egitasmoak izan dira, eta besteak beste, bertako taldeei laguntzeko eginiko egitasmoak izan dira. Lehendabizikoa Kofan indigenekin izan zen; irratsaio bat prestatu genuen eurekin. Saioen prestakuntzak, zein baliabide teknologiko erabil daitezkeen, eta abar erakusten genien. Bi urtez prestakuntza lanetan aritu ginen, eta 20 cofan indigena gaztek parte hartu zuten. Geroztik, programa bat egiten dute irrati bidez.
Zuen bigarren egitasmoaz ariko zarete gaur, ezta?
Bai. Kontua da, Sucumbios eskualdeko gobernuak baduela bulego indigena bat; 10 indigena aritzen dira bertan, kontratatuta. 2007an langile hauekin hasi ginen, kultura artxibo bat nola egiten den ikasiz, eta ikus-entzunezko dokumentuak nola sortu, prestatu eta zabaltzen diren ezagutuz. Jardun honetan zortzi hilabete inguruz ibili ginen Txuri Ollo, Koldo Azkune eta hirurok, eta helburua zera izan zen, bulego hartako indigenek berek entziklopedia bat prestatzea, euren ikuspegitik.
Zein da entziklopediaren edukia?
Beren ezagutzak eta nortasuna, alde batetik. Bestalde, kanpoko gizarteak eurez duen iritzia ere bildu nahi zuten, eta euren burua nola ikusten duten ere bai. Liburua, beraz, hortik etorri da; 10 laguneko talde horren prestakuntzaren lekukoa beste talde batek hartu zuen, eta hango gobernuak eta erakundeek diruz lagundu dute argitalpena.
Antzinako kulturei garrantzia handia ematen diezue. Nolakoak dira Ekuadorko kultura indigenak?
Guztia asko aldatu da han azken urteotan. Kontuan izan behar da, kolonialismoak eragin handia izan duela bertan, eta azken 30 urteotan are handiagoa gainera. Eskualde horretan, Sucumbiosen, petrolioa nagusi dela, eta beraz, petrolioaren eragina nabarmenki somatu dutela han, bizimodua eta portaerak aldatzera arte.
Gaur, beraz, liburuaz haratago ere joango zarete.
Bai. Liburua, neurri batean, Sucumbioseko ezagutza tradizionalaz ari da. Indigenek, horrez gain, egungo ezagutzak ere txertatu nahi zituzten lanean; baina ezagutzak, ingurumen aldakor horretan. Eta ingurumena bortitza da han, petrolioa bortitza delako hango bizimoduetan. Honegatik guztiagatik, indigenak bizimodua planteatzeko beste modu batzuk sortzen ari dira azkenaldian.
Garai berrietara egokitu behar izan dute?
Erresistentziazko kulturak abian daude, eta era berean kultura berriak sortzen dira. Estatua dute, probintziak daude, udalak ere bai... Baina orain dela gutxi arte hango indigenak ehiztariak eta fruitu biltzaileak izan dira, eta bizimodu horrek zenbait jarraibide eta kultur emari berezi ekarri dizkie. Tentsioa sortu da, beraz, tradizioaren eta petrolioak baldintzatutako egungo bizimoduaren artean. Indigenek beren izaerari eutsi nahi diote gizarte garaikide honetan.