Euskaran ados! lantaldeak, Amasa-Villabonak ziztada Berriari ekimena aurkeztu zuen atzo, Villabonako udaletxean. Herriko eragile eta norbanakoek, elkarlanean, egitarau oparoa antolatu dute ondorengo egunetarako. Helburua: Berriaren egoera ekonomikoa gertutik ezagutaraztea, eta euskal komunikabidea diruz laguntzea; ziztada ematea.
Ekimena aurkezteko garaian, krisiak hedabideetan izan duen eragina azpimarratu zuten Euskaran ados! taldeko kideek: «Zer esanik ez euskarazko komunikabideetan. Euskal Herrian ez dago euskara hutsean informazioa helarazten duen komunikabide asko. Egiaz, Berria Komunikazio Taldea da bakarrenetakoa. Krisiak eta diru laguntzen jaitsiera nabarmenak, Berria komunitatea astindu du».
Astinaldiari aurre egiteko, herritarren ekarpenak beharrezkoak direla uste dute billabonatarrek: Norbanakoen ziztaden bidez, Berria Lagun eginez, adibidez, edota elkarlanean antolatutako herri ziztadetan parte hartuz.
Egitaraua
Gaur, urtarrilak 9
-Erakusketa, hilaren 9tik 12ra. Gurea antzokian 17:00etatik 19:00etara. Hilaren 12an, 11:00etatik 13:00etara.
-Martxelo Otamendiren hitzaldia. Subijana etxean, Mintzolan, 19:00etan.
Urtarrilak 11, ostirala
-’Berria’ren aldeko jaialdia. Amasa-Villabonako hainbat eragilek jaialdia egingo dute Gurea antzokian. Bi emanaldi izango dira. Lehena, 19:30ean eta bigarrena, 22:30ean. Sarrera 5 euro izango dira, eta biltzen den dirua Berriarentzat bideratuko da. Eresergi abesbatza, Oinkari dantza taldea, Lain musika taldea, bertsolariak... ariko dira bertan.
Maite Arregi - Euskaran ados! mahaiko kidea: «Euskararen normalizazioa sustatzea da gure lana»
Amasa-Villabonak ziztada Berriari ekimena Euskaran ados! lan mahaiak sustatu du, herriko eragileen laguntzarekin. Maite Arregi lan taldeko kidea da. Billabonatarrez gain, Tolosaldeko eta Leitzaldeko herritar guztiak gonbidatu ditu ondorengo egunetako ekitaldietara.
Zer da Amasa-Villabonan osatu duzuen Euskaran ados! lan mahaia?
Udal talde berria sartu zenean, herrian lan mahaiak osatu behar zirela pentsatu zuen; ez bakarrik udal mailako eragileen artean, baita herri mailako gaien inguruan ere. Hortik sortu zen Euskaran ados! lan mahaia. Herri mailako hainbat lan egitea dagokigu, beti ere, euskara ardatz hartuta.
Udalak parte hartzen al du lan mahai honetan?
Bai, baina kide bat gehiago bezala; mahaian eragile bat gehiago da.
Euskara teknikari bezala lan egiten duzu udaletxean, eta horrez gain, batzar hauetan parte hartzen duzu.
Udal ordezkari moduan joaten naiz, Nora Urbizu zinegotziarekin batera.
Zeintzuk dira beste eragile edo partaideak?
Euskal Herrian Euskaraz, ikastetxeetako ordezkariak, Larramendi Kultur Bazkunako kideak..., eta hauez gain, norbanakoek ere joateko aukera izaten dute, eta joaten dira gainera.
Zeintzuk dira Euskaran ados! lan mahaiaren helburuak?
Euskararen erabilera zabaltzeko eta sustatzeko dauden arazoak detektatzen ditugu, hasteko. Ondoren, nolabaiteko irtenbideak jartzen ditugu mahai gainean, plangintzak martxan jarri ahal izateko. Helburu nagusia, Amasa-Villabonan euskararen normalizazioa sustatzea da.
‘Berria’ egunkariari ziztada emateko ideia nondik sortu zitzaizuen?
Berria komunitateko kideak herriz herri ibili dira egunkariaren egoera azaltzen. Gurekin elkartu ondoren, zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen. Alde batetik, ziztadaren bidez Berria Lagunak lortu nahi zituzten, eta mahaiak lan hori aurrera atera behar zuela ikusi zuen. Bestalde, ekitaldi batzuk antolatzeko aukera ikusi genuen, eta horretan hasi ginen lanean. Emaitza antolatu dugun egitaraua izan da: hitzaldia, erakusketa eta jaialdia.
Zergatik erabaki zenuten ‘Berria’ri laguntzea?
Euskararen normalizazioaren alde, momentu honetan, Berriak izugarrizko lana egiten duela iruditzen zaigu. Gure lana hori sustatzea denez, laguntza emateko gai ginela ikusi genuen.
Herriko eragileen laguntzaz osatu duzue jaialdia. Nolako erantzuna jaso zenuten ideiarekin hurbildu zinetenean?
Oso ona. Inongo arazorik ez zuten jarri, alderantziz, gogo handiz hartu zuten ziztadaren ideia, eta ekarpen bat baino gehiago egin zituzten. Bilera bat baino gehiago egin ditugu eurekin, eta ez dugu inongo kexarik, alderantziz, esker oneko hitzak besterik. Oso gustura gaude alde horretatik.