Bukatu dira Eguberriak. Errege Magoak izaten dira jai hauetako azken ordezkariak, eta larunbatean hasi ziren herriz herriko bisitak egiten. Tolosaldean Orexan izan ziren lehenik; herriko goikaldetik hasi zuten ibilbidea. Handik Tolosara joan ziren Errege Magoak eta Iurreamendi egoitzan izan ziren. Iritsi zirenerako haur asko zituzten zain egoitzaren kanpoaldean, eta kostata sartu ziren Iurreamendiko elizara.
Errege Magoen desfileak dena den, iluntzean izan ziren. Tolosan Ttenttek eta Kirikiño aisialdi taldeak izan dira aurten, desfilea antolatzeko ardura izan dutenak, eta berrikuntzarik ere izan da. Izan ere, Olentzeroren etorreran bezala, Errege Magoek Euskal Herria plazan egin zuten geldialdietako bat, Topic zentroaren parean.
Joxelu Andueza, gogoan
Euskal Herria plazan orain gutxi hildako Joxelu Andueza zinegotzia ere izan zuten gogoan. Omenaldi xumea egin nahi izan zioten, eta puxika handi bat bota zuten zerura bere omenez.
Tolosan, gainera, urteroko jaiotzen kalejira ere ikusi ahal izan zen eta guztia alaitzeko musika bandak eta txistulari zein dultzainero taldeek hartu zuten parte kalejiran, eta baita Udaberriko dantzariek eta erraldoiek ere.
Tolosarekin batera, Leitzakoa izaten da eskualdeetako Errege Magoen desfilerik handiena. Herri sarreratik hasi zuten ibilbidea, eta argi gidariak izan ziren lehenak. Atzean zituzten Errege Magoak eta opariak eramateko astoak eta gurdiak. Musika banda bat ere izan zen bidea alaitzen. Errege Magoekin batera Tolosako bandaren emanaldia izaten da Eguberrietan azkena. Herenegun goizean eskaini zuten kontzertua, Eduardo Mokoroa musika eskolan.