Urkizuko Alurtxiki Auzo Elkartea 2008an sortu zuten. Orduz geroztik, ohitura bezala, hamaiketakoa egiten dute hileko lehen igandean. Urte berriko lehen hamaiketakoa, beraz, herenegun egin zuten auzotarrek. Dozena bat lagun bildu ziren mahaiaren inguruan, eta giro ederrean, sabela ederki betetzeko aukera izan zuten, nahiz eta batek baino gehiagok, ondoren bazkaria eduki.
Lehen igandeko hamaiketakoan parte hartzeko, ez da beharrezkoa elkarteko bazkide izatea; giro ederrean egoteko gogoa edukitzea nahikoa da. Aitzakia horrekin, belaunaldi desberdinen topaleku bilakatzen da Alurtxiki. Lehen sektorea, kirolak... eztabaida gaiek ez dute etenik izaten, eta arrazoiak agerikoak dira: Zenbat buru, hainbat aburu! Beti ere, umore ederrean.
Elkartearen izena, Alurtxiki, Albiztur (Aizkorri aldeko bailara), Urkizu eta Auzo Txiki izenak uztarturz osatu zuten. Elkartearen helburuen artean, auzo hauetako bizilagunen bizitza kalitatea hobetzea dago, eta horretarako, hamaika ekitaldi antolatzen dituzte urtean zehar. Goiztiar ibiltzen dira ardura horretan, izan ere, 2013ko egitaraua jadanik osatua dute. Elkartearen nondik norakoak eta ibilerak gertutik jarraitu nahi dituenarentzat, sarean ondorengo helbidea dute: www.alurtxiki.blogspot.com.
Egitaraua
Otsaila
Hilaren 11n. Adinekoiei buruz hitzaldia.
Martxoa
Hilaren 8an. Emakumeen eguna ospatuko dute.
Hilaren 19an. Aitaren eguna ospatuko dute.
Apirila
Hilaren 6an. Upategira irteera.
Maiatza
Hilaren 25ean. San Juan Gaztelugatxera txangoa egingo dute.
Ekaina
Hilaren 21ean. Et Inkarnatusen kontzertua.
Hilaren 23an. San Juan sua.
Hilaren 28, 29 eta 30ean. San Pedro jaiak.
Uztaila
Hilaren 13an. Haurrentzako zinema.
Hilaren 27an. Bertso afaria.
Abuztua
Hilaren 28an. Artikutza.
Iraila
Hilaren 8an. Erniora irteera.
Hilaren 21ean. Auzo bazkaria egingo dute.
Urria
Hilaren 12an. Formigalera txangoa.
Hilaren 19an. Pailazoak eta taloak.
Azaroa
Sukaldaritza ikastaroa.
Abendua
Hilaren 24an. Olentzero.