Gabonetako saridunak hasi dira saskiak jasotzen

Ataria 2013ko urtarrilaren 8a

Gabonak eta Eguberriak amaitu diren honetan, urte berriari hasiera emateko saski eder bat beti izaten da lagungarri. Hainbat elkarte eta eragile zenbakiak banatzen aritu dira urte amaieran, eta orain, zozketa garaia iritsi da.

Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeak abenduaren 22an egin zuen zozketa, urteroko ohiturari jarraituz. Errifaren zenbaki saritua 6.058a izan zen, eta irabazlea Sagrario Gogorza lizartzarra.

Oinkari dantza taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie zozketan parte hartu duten guzti-guztiei, egindako ekarpenagatik.

Adunan urtarrilaren 5ean egin zuten zozketa. Aurrez, Herrira mugimendua txartelak han eta hemen saltzen ibili zen, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lanean jarraitzeko asmoarekin. Saski eder baten zozketa Uztartza tabernan egin zuten iragan larunbatean. Zenbaki saritua ondorengoa izan zen: 358a. Oraindik saridunik ez dela azaldu argitu dute Herriratik, eta zenbaki hori duenari dei egin diote Uztartzara azaldu dadin, han baitu zain bere izena duen saskia.

Oria Merkatari Elkarteak, bihar

Villabonako Berdura plazan Gabonetako zozketa egingo dute Oria Merkatarien Elkarteko kideek. Hitzordua 13:30ean jarri dute, eta bertan jakingo da zenbaki saritua zein den, eta non banatu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!