Ibarrako Udala eta LAB, ‘Perot’-eko langileekin

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 1a, 06:51

Zizurkilgo Huyck Wangner Perot-eko langileak elkartasuna eta babesa biltzen jarraitzen dute. Herenegun, Amasa-Villabonako udalbatzak egin zuen bat biharko manifestazioarekin, eta atzo, Ibarrako Udalaren eta LAB sindikatuaren elkartasuna jaso zuten. Guztiek herritarrei gauza bera eskatu die, hau da, bihar Tolosako Trianguloara agertzea, 12:00etan, Huyck Wangner lantegiko langileen egoera salatzera.

Ibarrako Udaletik esan dutenez, Perot-eko langileak asteartean udalbatzaren bilkuran izan ziren, euren egoeraren berri ematen. Bertan aurkitzen ziren hautetsiek, Bildu, EAJ eta PSE-EEren ordezkariek, langileei euren babesa eskaini zien.

Multinazionalak

Tolosaldeko LAB sindikatuak eskualdeko egoera sozioekonomikoaren inguruko kezka azaldu du beste behin ere: «Langabeziaren igoera nabarmena, enpresen itxiera... eta asko kezkatzen gaituen eskualdeko industrialdearen nolakotasuna».

LABen esanetan eskualdeko enpresa asko multinazionalak dira, hau da, erabakiguneak Euskal Herritik urrun dituzte: «Langileon beharrizanak kontutan hartu gabe enpresaren mozkinak nola handitu da euren kezka nagusiena, edozein momentutan, enpresako edota merkatuko egoerak hala eskatuta, produkzioa eta enpresa deslokalizatzeko aukera dute».

Enpresa horietako batzuetan, azken hilabeteetan mugimendu «kezkagarriak» egon direla dio LABek. Lantegi horietako langileei elkartasuna azaldu nahi izan die, bereziki Perot-ekoei, eta antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete LABeko militantzia eta langile guztiei, nahiz gizarte osoari.

Multinazionalen jokatzeko moduari aurre egiteko, egun, modu bakarra borroka eta mobilizazioa dela esan dute LABetik: «Langileon borroka lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan kokatu beharra daukagu, burujabetza politiko eta ekonomikoaren bidean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!