Otaño eta Otaegi finalerdiak jokatzeko sailkatu dira

Ataria 2013ko urtarrilaren 8a

Binakako Eusko Label Aizkolari Txapelketako iazko irabazleek pauso bat gehiago eman dute aurten ere txapela janzteko bidean. Izan ere, Unai Otaño ibartarrak eta Joseba Otaegi zizurkildarrak osaturiko bikoteak Jon Rekondo leitzarrak eta Ander Erasun Aurtitz-Iturengoak osaturikoaren aurka irabazi zuen herenegun jokaturiko lehia.

Otaño eta Otaegi B multzoko lehenak dira, eta finalerdietarako sailkatu dira. 19:19ko denbora egin zuten  Elorrioko Gazeta auzoan egin zuten proban. Rekondok eta Erasunek 20:35 behar izan zuten euren lana bukatzeko. Azken hauentzat txapelketako lehen saioa zen herenegungoa, eta orain Jose Mari Olasagasti eta Donato Larretxeak osaturiko bikotearen aurka irabazi beharko dute txapelketan aurrera egin nahi badute.

Hain zuzen ere, etxean jokatuko du Rekondok hurrengo saioa, Leitzan, 12:00etatik aurrera. Bi norgehiagoka izango dira ikusgai bertan. Batetik, aipaturiko Olasagasti-Larretxea eta Rekondo-Erasunen artekoa, urrezko mailan. Eta, bestetik, Olano-Pellejero Larretxea-Irazabalen aurka, zilarrezko mailan.

Bestalde,  A multzoari dagokionez, larunbatean, Deban izandako saioan, Floren Nazabalek eta Jose Angel Zubiagak Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza hartu zituzten mendean. Beraz, multzoko lehenak izanik, hauek ere finalerdietan aritzeko txartela eskuratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!