50 inauteriren historia

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 4a, 16:58

Belaunaldiz belaunaldi  eraberrituz joan da Poca Tripa txaranga, azken mende erdian. 1963ko inauterietan, mahonezko galtzekin eta blusa batekin lehenengoz kalera irten zirenez geroztik, hamaika istorio bizi izandakoak dira musikariak, La charanga Poca Tripa no tiene miedo liburu eta disko berriak ederki biltzen duen moduan. Aitzindariek ekindako bideari jarraitu diote ondorengoek ere.

Piñata igandean Iurreamendi egoitza bisitatzen dute urtero

Txaranga eta elkarte bakoitzak bere ereserkia du Tolosan, eta Poca Tripako kideak ere beren doinu propioa izateko lanean hasi ziren hastapen haietan. Sormen prozesu hartako pasadizo batek eman dio izena, bada, Bonberenea Ekintzak zigilupean kaleratu duten argitalpenari: «Bertsolari bati deitu zioten kantuaren hitzak idazteko, baina bertsolaria ez omen zen ausartu bera bakarrik joaten, eta beste bi lagunekin azaldu omen zen afaltzera. Horrela, lehen afaria egin zuten, eta baita beste hainbat ere», azaldu du Javier Arrizibita txarangako kideak.

Letrarik osatzen ez zutela eta, beldurtzen hasi ziren, kideetako batek «nola-hala guk geuk bukatuko dugu», esan zuen arte. Abestiaren zati baten inguruan ari zirela, norbaitek «no tiene miedo, no tiene miedo, no tiene miedo, no tiene miedo» jarriz gero, ondo ematen zuela proposatu zuen, eta horrela geratu zen Poca Triparen abestia. Horrela beraz, Nestor Ardanaz maketatzaileak titulu polita izan zitekeela iradoki zien txarangako kideei.

Lekukoa hartuz eta emanez

Ospatzeko moduko urtemuga da aurtengoa, Poca Tripako kideentzat. Horregatik, eta urte hauetan guztietan taldean jotzen aritu direnei «poz txiki bat eman nahian», liburu bat argitaratzeak merezi zuela erabaki zuten.

Finean, liburuak taldearen historia eta pasadizoak biltzen ditu, eta urtebete inguruko lana izan da eurentzat, argazki zaharrak biltzea: «Tolosako hainbat elkartetan aurkezpenak ere egin ditugu, argazkiak erakutsiz eta anekdotak kontatuz».

Bide horretan, urteen poderioz txaranga nola berritu eta moldatu den ikusi ahal izango du irakurleak, Javier Arrizibitak azaldu duenez: «Hasiera-hasieran, gazte batzuek sortu zuten txaranga, eta gerora, haien seme-alabak ere txarangako kide izatera pasa dira; baita hauetariko batzuen bilobak ere».

Astelehenita egunez irten ohi dira kalera, txaranga ofizial gisa

Historiaren bilakaeraz gain, ordea, tolosar guztiei ere eskaini nahi izan diete lan berria, diskoan bildutako 20 abestien bidez: «Diskoa grabatzea pentsatu genuen, txarangako kideez haratago, herrian ere produktua zabaltzeko, arrakasta pixka bat izan zezan».

Bide horretan, Bonbereneako estudioan grabatu zuten lana, azaroa amaieran: «Oso ondo joan zen grabaketa; hamaiketako eta bazkari legeak eginda, ondo zainduta ibili ginen, kide helduenen ohiturak mantenduz. Gainera, zaharrenak asko hunkitu ziren, ikusten baitute harrobirik badela txarangan, harrobi ikaragarria», nabarmendu du Arrizibitak.

Guztira, inauterietako 20 pieza grabatu dituzte, eta liburuarekin batera, Photokafen, Orbelan nahiz Zunbeltzen eskuragarri izango da, 20 euroren truke. Era berean, info@bonberenea.com helbide elektronikora idatziz gero ere, Poca Triparen argitalpen berria eskuratu ahal izango da.

Inauteriei begira, berriz, Poca Tripak ez du ezer berezirik prestatu: «Egia esan, jarduera bereziren bat egitearena izan genuen hizpide, baina helduenek zera esaten dute, inauterietan egiten duguna baina ezer hobeagorik ez dugula lortuko: zezenetara igoera, dantzaldia,...». Piñata igandean, beraz, eta familia giroan, bazkari bereziarekin borobilduko dute urtemuga.

Lagunartetik kalera

Inauterietan bere kabuz kalera jotzera ateratzen zen lagun taldea zen, berez, txaranga: «Astelenita egun librea izaten zen, eta nahi zuenak irten zezakeen jotzera. Horrela, egun batzuetan lau, besteetan bost eta beste egun batean hamar elkartzen ziren».

Astelenita hauetako batean, txaranga serio bat sortzearen ideia otu zitzaion haietako bati, eta lauzpabost lagunek guztia antolatu eta gero, 1963ko inauterietan ibili zen kalejiran, estrainekoz, Poca Tripa txaranga; urtebete besterik ez zuten behar izan, inauterietako txaranga ofizialetako bat izatera pasatzeko. «Urte hartan 35 pertsona inguru irten omen ziren, eta gaur egun, haietatik 15 inguruk jarraitzen dute oraindik ere», azaldu du Arrizibitak.

1963an sortu zen Tolosako Poca Tripa txaranga

Horrela, eta aipaturiko lekuko horri eutsiz, 43 bazkidek osatzen dute, egun, Poca Tripa. Gainera, beste 16 musikari gazte ere aritzen dira: «Oraindik ez dira bazkideak, baina eurak dira gure esperantza». Beste 50 urtean ere, Poca Triparen abestia Tolosako inauterietako ezinbesteko doinuetako bat izatea espero dute kideek: «Gure ondorengoek hau guztia ezagutzea espero dugu, eta ea eurek ere, gutxienez, horrelako liburu bat osatzeko aukerarik duten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!