Jokin Bildarratz izango da EAJko senataria

tolosa 2013ko urtarrilaren 3a

Jokin Bildarratz Tolosako alkate ohia izango da Eusko Legebiltzarrean EAJko senataria. Berarekin batera, EH Bilduko Iñaki Goioaga abokatua eta PSE-EEko Tontxu Rodriguez, Barakaldoko alkatea, izango dira Eusko Legebiltzarraren hiru ordezkariak.

Alderdiek euren ordezkariak aukeratu dituzte bada. EAJ eta EH Bilduko hautagaiek beren alderdien botoekin nahikoa izango dute onartuak izateko; PSE-EEk, aldiz, beste alderdien botoak beharko ditu. EAJ eta EH Bilduren botoak jasoko dituzte sozialistek. PPk, aldiz, jakinarazi du ez duela aldeko botoa emango, EH Bilduri botoa eskatu diotelako. Urtarrilaren 24an egingo duten batzarrean egingo dira bozketak eta izendatuko dituzte senatari berriak.

Zinegotzi izan ostean, bi legegintzalditan (2003-2011) Tolosako alkate izan zen Jokin Bildarratz, eta baita Eudeleko lehendakari ere. Irakasle-ikasketetan Natur Zientzien esparruan diplomatua eta Zientzia Politiko eta Soziologian lizentziatua da. Irakasle bezala lan egin eta Anoetako ikastolako zuzendari izan ondoren, kazetari ibili zen Euskal Irrati Telebistan. EAJko Eusko Legebiltzarkide ere izan zen 2001eko irailaren 27tik urte bereko abenduaren 10era arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!