Datozen Eguberrietan, eta urtarrilaren 26a arte, Tolosako Aranburu jauregian sartzen denak hiru erakusketa ikusteko aukera izango du. Artistek lan egiteko eta adierazteko bide desberdinak aukeratu dituzte, baina hirurek topatu dute barruan duten ezinegona adierazteko modua.
Bisitariak, lehen solairuan, Javier Baldaren (Iruñea, 1958) lanekin egingo du topo. Arkitekturarekin jolasten du, nahiz eta «funtziorik gabeko arkitektura» den Baldaren hitzetan, eta koadroak badira ere, pintatu baino, eraiki egiten duela dio sortzaileak. 16 lan bildu ditu Tolosan, eta tamaina txikietatik hasi eta horma
irudi handiak ikusteko aukera izango du gerturatzen denak. Pinturaren eta eskulturaren bidegurutzean kokatuta, lan hauek konposizio bereziak dira, hainbat geruza dituzte, etorkizunerako bideak irekiz. Iruindarrak New Yorkeko Pollock-Krasner Foundation bekari esker egindako lanak dira, Kontinuitateak-Etorkizuneko aukerak izenpean, Aranburun ikusi daitezkeenak.
Lehen solairutik behe solairura joan behar da gero, eta bertan ikusi daitezke beste bi bildumak. Iraia Okinaren ametsen mundu leunatik, Nerea Ugarteren collage koloretsuetara pasako da ikuslea.
Ilustrazioak
Iraia Okinak (Durango, 1980) Joxantonio Ormazabalekin batera argitaratutako Ilargia esnatu da libururako egindako ilustrazioak ere ikusi daitezke Tolosan. Okinak bere sentimenduak adierazteko hizkuntza bisual egokiena bilatzen du beti: margolanak, artisau lanak, txotxongiloak... Nahiz eta Aranburu jauregiko erakusketan ilustrazioak bakarrik bildu dituen. Lan ia guztietan zuhaitzen irudiak daude, izan ere, zuhaitzen irudiek gidatu zuten sortzailea ipuin osoan, «zuhaitzak adierazten baitzuen beretzat (Ormazabal) urtaroen joan-etorriaren erara, bizitzaren beraren bilakaera, jaiotzen garenetik, hiltzen garen arte, eta ondoren, gizakiak naturarekin bat egiten duenean. Ideia horretan sakonduz eta neure interpretazioa eginez burutu ditut marrazki hauek materia organikoaren ehundura eta kolorea bilatuz», dio marrazkigileak.
Okinaren ametsen mundua atzean utzi, eta Nerea Ugarteren (Tolosa, 1954) unibertso koloretsua ikusteko aukera izango du bisitariak, azkenik. Collage lanak dira, birziklatutako paperekin egindako konposizioak. Ikusleak, gerturatuz gero, egunerokotasunean txertatuak dauden hainbat elementu ikusi ahal izango ditu –diseinu elementuak, zapatak, marrazki eta ilustrazio bitxiak eta ez horren bitxiak, paretak papereztatzeko paperak...– baina urrunduz gero, infinitua, itsasoa eta urteko urtaro jakin bat iradokitzen duten sormen lanak ikusiko ditu.
Erakusketak
Non. Tolosako Aranburu jauregian.
Noiz arte. Urtarrilak 26.
Ordutegia. 17:30etik 20:30era, jaiegunetan eta astelehenetan izan ezik.
Erakusketak. Javier Baldaren Kontinuitateak-Etorkizuneko aukerak; Nerea Ugarteren collage lanak; eta Iraia Okinak Joxantonio Ormazabalekin batera egindako Ilargia esnatu da libururako egindako ilustrazioak.