Tolosan eta Alegian izango dira Mundu bat Tolosaldean egitasmoko jarduerak, hilabete osoan zehar
Mundu bat Tolosaldean egitasmoa aurkeztu dute, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. «Azken urteotan Tolosaldera bizitzera etorri diren hainbat jatorritako pertsonen errealitateak ezagutzea, eta guztiok erlazionatzeko guneak sortzea» izango da helbururik behinena, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun teknikari Kristina Moralesek azaldu duenez.
Kultura arteko topaketa hauen aurkezpenera, beren alea jarri duten eragile guztietako ordezkariak bertaratu dira: Tolosaldea Garatzen agentziako lehendakari eta Tolosako alkatea Ibai Iriarte; Alegiako Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia Nati Murua; Jatorkin elkarteko Saad Malec; SOS Arrazakeria elkarteko Stijn Callens eta Lucia Arias; Lita arafu-Elkar ezagutzeko elkarteko Thamer Birawi; Identibuzz Tolosaldea proiektuko Tarana Karim, Munaim Chemsi eta Larbi Bouhadou; Baraka Taldeko Idoia Sanchez; Ereite Elkarteko Rosalia Fierro, eta azkenik, Banaiz Bagara elkarteko Petra Elser.
Ibai Iriartek, «egitasmo indartsua» dela azaldu du, eta elkar ezagutzearen garrantzia nabarmendu: «Eskualdean bizi garen guztiok osatzen dugu Tolosaldea, eta etorkinak gizarteratzen lagundu behar dugu».
Joan den astean hasi ziren, kultur topaketako jarduerak, Jatorkin elkartearen eskutik. Hezkuntzaren esparruan aniztasuna kudeatzeko bideen inguruko bi hitzaldi antolatu zituzten, eta etorkinen eskola-porrota ere aztergai izan zuten: «Eskoletara sartzea kosta egiten da, eta familia guztien parte hartzea oso garrantzitsua da», azaldu du Saad Malec-ek.
SOS Arrazakeriak, bere aldetik, bertako eta kanpoko familiek elkarrekin bazkaltzea helburu zuen Bizilagunak proiektuaren inguruko erakusketa antolatu du Alegiako kultur etxean, abenduaren 21era bitarte.
Halaber, dokumentala eskainiko dute, bihar, Tolosako kultur etxean, 19:00etan. Compañeras de viaje izena du filmak, eta besteak beste, beren familiak eta herriak utziz, adineko pertsonak eta haurrak zaintzera hona etorritako emakumeen bizitza kontatuko du dokumentalak.
Ikus-entzunezkoekin jarraituz, eta Tolosako zine klubeko egitarauaren barruan, La pequeña Venecia filma ikusgai izango da, Leidorren, abenduaren 20an. «Oso kritika ona» duela nabarmendu du Moralesek, eta kultura desberdinetako gizon eta emakume baten maitasun istorioak gidatuko du hari nagusia.
Mundu bat Tolosaldean egitasmoan, islama eta musulmanen bizimodua gertuagotik ezagutzeko aukerarik ere izango da, Lita arafu-Elkar ezagutzeko elkarteak, Tolosako mezkitako ateak zabalduko baititu, herritarrentzat. Thamer Birawik «integratzea beste biderik ez» dutela azpimarratu du: «Tolosan gaude, eta badakigu zerbait eman behar diogula Tolosari, egunero hartzen baitugu zerbait Tolosatik». Mezkita bisitatu nahi dutenek, 686 97 19 62 telefonora deitu beharko dute, hitzordua aurretik zehazteko.
Ahozko literaturari tartea egin dio, munduko hamaika txokotako kultura protagonista izango duen egitarauak. Horrela, Baraka elkarteak, Nasrudin eta bere astoa ipuin arabiarra kontatuko du, arabieraz eta euskaraz, hilaren 19an, Alegiako kultur etxean; ikasturte honetan, Tolosan, Ibarran eta Alegian egin dute jada kontakizuna, eta helbururik behinena «atzerritar gazteen inguruko estereotipoak apurtzea» izango da. Aipatzekoa da, haurrei nahiz gurasoei zuzendutako saioa izango dela.
Herritarrek eurek sortutako lanak ere protagonista izango dira, Identibuzz Tolosaldea proiektuak, eskualdeko kultura aniztasuna islatu nahi izan baitzuen, mugikorren bitartez grabatutako bideo txikien bitartez. Abenduaren 18an, bideo guztiekin osatutako proiekzioa eskainiko dute Topic zentroko aretoan, 19:00etan. Proiektuko arduradunetako bat da Tarama Karim, eta «errepikatzeko moduko esperientzia» izan zela azpimarratu du.
Azkenik, eguberrien inguruan bi jarduera izango dira. Azoka berezian postua jarriko du Ereite elkarteak, eta hainbat jatorritako gozoak dastatu ahal izango dira. Era berean, abenduaren 29ko kantu jiran, hainbat atzerritarrek parte hartuko dute, Banaiz Bagara elkartearen eskutik.
Egitaraua
Abenduaren 21era bitarte
Bizilagunak erakusketa Alegiako kultur etxean.
Abenduak 12, bihar
19:00. Compañeras de viaje dokumentala Tolosako kultur etxean.
Abenduaren 17tik 20ra
Lita arafu Ezagutzeko Elkartearen eskutik, Islama eta musulman kultura ezagutzeko aukera, aurrez hitzordua hartuta.
Abenduak 18, asteartea
19:00. Identibuzz Tolosaldea bideoaren aurkezpena Tolosako Topic zentroko aretoan, doan.
Abenduak 19, asteazkena
18:00. Nasrudin eta bere astoa ipuinaren kontaketa arabieraz eta euskaraz, Alegiako kultur etxean.
Abenduak 20, osteguna
19:15/21:45. La pequeña Venecia filma Tolosako Leidor aretoan, zine klubaren barruan.
Abenduak 22, Larunbata
Gabonetako azoka berezian Gozo anitzak izeneko postua jarriko du Ereite elkarteak.
Abenduak 29, Larunbata
12:00. Tolosa Kantari elkarteak antolatzen duen kantu jiran parte hartuko dute hainbat jatorritako herritarrek, euskaraz abestuz, Banaiz Bagara elkartearen eskutik. Tontokaletik abiatuko dira.