Asteburu gazi-gozoa izan da areto futbolean

tolosa 2012ko abenduaren 11

Era guztietako emaitzak lortu dituzte areto futboleko Hirugarren mailako eskualdeko taldeek. Villabonako Egintza taldeak irabaztea lortu du, 7-2koa lortuz Inter Eder Kafetegia taldearen aurka. Beharrezkoa zuen horrelako garaipena, oraindik azken postuetan baitago taldea. Tolosala Hirukidek berdinketa garrantzitsua lortu du Bilboren aurka, 3-3 eginez etxean. Tolosako Laskorain taldeak 4-5 galdu du Goierriren aurka. Azkenik, Ibarrak eta Aurrera Vitoriak jokatu behar zuten partida atzeratu egin da.

Laskorainek, sei astetan porrotik jaso gabe egon eta gero, pasa den larunbat goizean zakuan punturik pilatu gabe errenditu behar izan zuen. Ikastolako mutilek, duela urte asko ez, Gipuzkoako areto futboleko derbi ohikoenetakoa zena errepikatu zuten Goierriren aurka eta azken segundoetan jasotako gol baten ondorioz galdu zuten.

Tolosalaren kasuan, zutoinek eta aurkarien atezainak ekidin zuten garaipena. Zaletu ugari joan ziren sailkapeneko goialdean dauden bi talderen arteko partidua ikustera. Izan ere, jardunaldiaren aurretik eta honen ondoren ere, Bilbo F.S. hirugarren postuan dago eta Tolosala bosgarrenean.

Lehen zatia ikusgarria suertatu zen eta bai Tolosalak eta Bilbok ere aukera ugari sortu zituzten. Bigarren zatian Hirukidekoak izan ziren nagusi. Aukera asko sortu zituzten, eta markagailuan bitan aurreratzea lortu zuten. Bilbotarrek azken minutuan lortu zuten hiruko berdinketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!