«Inposaketaren aurrean erantzuteko» deia egin du Bai Euskal Herriari ekimenak

tolosa 2012ko abenduaren 6a

Geurea ikurrina lelopean 50 pertsona inguru igo dira gaur Uzturre mendira, Bai Euskal Herriari ekimenak bultzatutako ekitaldian. Uzturreko tontorretik Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatu dute, eta «inposaketaren aurrean erantzuteko» deia egin diete herritarrei. Ekitaldian azaldu dutenez, «euskaldunak gara, ez espainiarrak ezta frantsesak ere, eta gure geroaren jabe izateko borrokatu beharko dugula badakigu. Gaur gu hona iritsi ahal izateko gure aurrekoek borrokatu behar izan zuten bezala».

Nahikoa dela aldarrikatu dute ekimenetik: «Duela 500 urte inbaditu gintuzten berberak dira gaur egun oraindik, espainiar izatera behartu nahi gaituzten horiek. Demokrazia hitzarekin ahoa betetzen duten horiek, ezpatak dakartzate eskuetan. Euskal Herria zatitzen duten ezpatak, gure etorkizuna moztu nahi duten ezpata herdoilduekin jarraitzen dute konkistatzaileek».

Euskal instituzioetan Espainiako banderak «indarrez jartzera behartzea» egoera horren erakusle dela esan dute. «Konkistatzaileen ikurrek ez dute lekurik euskal instituzioetan ez eta Euskal Herrian ere, eta benetan indarrez jarririko ikurra gure egingo dugulakoan badaude jai dute», gaineratu dute.

Bai Euskal Herriari ekimenetik dei egin dute «antolatzera eta egunerokoan garen bezala agertzera: euskaraz bizitzera, Euskal Herria ezagutu eta ezagutaraztera, eta gure herria maitatzera. Soilik horrela lortuko bai dugu Euskal Herriak bizi duen ukazioa gainditzea». Ekimenetik eskerrak eman dizkiete deialdiarekin bat egin dutenei eta baita gaur lanera joan diren guztiei, abenduaren 6an «ez baitugu ezer ospatzeko, baina bai aldarrikatzeko», esan dutenez.

Adunan, herri batzarra

Espainiako bandera udaletxeetako balkoietan jartzearen «inposizioaren» aurrean, Adunan herri batzarra egingo dute hilaren 11n, asteartean, 19:30ean kultur aretoan. Udalak dei egin du herritar guztiei bileran parte hartzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!