Espainiako bandera jarriz «espainiar izatea inposatzen» ari direla salatu dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko abenduaren 5a

«Espainiar izatea inposatu nahi digute, baina ez gaituzte, ez konbentzituko, ezta garaituko ere». Horrela salatu dute hainbat herritarrek, Inposaketari ez! Espainolari ez! Geurea ikurrina! lelopean, Tolosako epaitegiaren aurrean egindako agerraldian.

[/caption]

Tolosako udaletxean Espainiako bandera jartzeko aginduak, oinarria «konstituzioak ematen dien lege babesean» duela nabarmendu du Tolosako epaitegiaren aurrealdean agerraldia egin duen herritar taldeak: «Ikurrina espainiar agintearen menpeko ikurra dela agertu nahi digute».

Horrela beraz, legea izan dute hizpide, eta gogor gaitzetsi dituzte, lege hori ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioak: «Legez ezarri nahi dute Espainiako bandera, borondatez onartzen ez dugulako. Horrela egin ezean, ordainketa altuekin eta gaitasungabetzeekin mehatxatu gaituzte».

Agerraldira bertaratutakoen ustez, «Espainiako Gobernuak Euskal Herriaren aurka abian duen asimilazio estrategiaren zati» da Tolosako Udalean bandera espainiarra jartzearena: «Beraien ikurrak inposatzen dizkigute, gureak direla sinets dezagun».

Gainera, Espainiako bandera jartzeko aginduaz haratago, nortasunean ere eragin nahi dutela uste dute: «Espainiako bandera ez dugu gure sentitzen, eta argi eta garbi adierazi nahi dugu inpositziotzat hartzen dugula jarrera hau, gure izate eta nortasuna ezabatzea baitute helburu».

Bide horretan, eta «estatuaren biolentzian oinarrituriko jarrera inposatzaile baten aurrean» daudela salatuz, aldarrikapenei bidea ireki diete: «Ikur hori arrotza da guretzat, ez dugu maite, eta ozen esaten dugu ez dugula nahi. Gurea ikurrina da, eta gure nazioak Euskar Herria du izena».

Honenbestez, auzi honen inguruan antolatzen diren jarduera, egitasmo eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, «argi ikus dezaten, geurea ikurrina dela». Datorren abenduaren 19an, 19:30ean izango da, hain zuzen, Tolosako udaletxeko pleno aretoan, Espainiako banderaren auziaren inguruko herri batzarra.

Uzturrera mendi martxa, bihar

Bide beretik, epaitegiaren aurrean egindako agerraldian, Bai Euskal Herriari ekimenak antolaturiko mendi martxara joateko deia ere egin dute. Bihar izango da, Abenduaren 6an inposaketarik ez! Geurea ikurrina! lelopean, eta 09:30ean irtengo dira Ibarrako Izaskun auzotik, Uzturrera igotzeko.

«Espainiako Konstituzioaren egunean, lanera zein eskoletara joateko deialdia luzatu nahi diogu herritar orori, ospatzeko ezer ez dugun egun honetan, normaltasunez joka dezagun», diote. Era berean, ordea, «abenduaren 6an lanera edo eskolara joateko aukerarik ez duenarentzat», Uzturreko mendi martxa proposatu dute, aldarrikapen ekitaldia nabarmenduz: «Jar dezagun gure bandera Tolosako gailurrean, espainiar legearen esku inposatzailea iristen ez den lekuan».

Aipatzekoa da, eskualdeko hainbat alkatek eta hautetsik bat egin dutela mendi martxa honekin, besteak beste, Ibarra, Orexa, Berrobi, Bidegoian, Aduna, Amasa-Villabona, Ikaztegieta nahiz Asteasuko udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!