TEEko arduradunek oso balorazio ona egin dute, baita ikus-entzuleen erantzunari dagokionez ere
«Haurrak nahiz helduak antzokietara erakartzeko helburua mantenduz, jaialdia eraldatu eta haize berriak ekarri beharko ditugu, behar bada, hurrengo urteko Titirijairako». Halaxe azaldu du Tolosako Ekinbide Etxeko Migel Arretxek, jaialdiaren etorkizunari begira.
Egungo egoeran aurreikuspenik ezin dela egin dio, eta «ikusi egin beharko da zer datorren». Dena den, antolatzaileek azken 30 urteetako lanarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute 2013an ere: «Urtea nola hasten den ikusi beharko dugu, baina guk ahal dugun guztia egingo dugu jaialdia antolatzen jarraitzeko».
Migel Arretxek azaldu duenez, «balorazioa, oro har, oso positiboa da». Murrizketak hizpide izan ditu TEEko arduradunak, «Titirijairen alde txarra» izan direla nabarmenduz: «Tamalgarria izan da Aranburu jauregiko erakusketa galtzea, eta baita helduei zuzendutako txotxongilo saiorik ezin antolatu izana ere».
Ikus-entzuleek harrera, berriz, oso ona izan dela azaldu du: «Erantzuna aurreko urteetakoen antzekoa izan da, baina kontzentratuagoa, saio gutxiago izan baitira». Horrela beraz, txotxongilo saio guztiek aretoak bete dituzte, eta konpainien maila «oso ona» izan dela azpimarratu du Arretxek. Titiriteros de Binefar konpainiaren El bandido cucaracha emanaldiarekin, esaterako, Leidor aretorako sarrera guztiak saldu zituzten: «Oso hunkigarria izan zen ikuskizuna, eta oso gustura gaude».
Konpainia batzuen ikuskizunak estreinaldiak izan direla ere azaldu du TEEko arduradunak, eta hauen aldeko apustua oso ondo atera zaiela: «Estreinaldiak ekartzean, beti izaten da arrisku pixka bat, baina nire ustez horrelako jaialdiek arriskatu egin behar dute nahitaez». Honenbestez, Bihar txotxongilo taldearen La Odisea obrak, nahiz Los Duendes taldearen Mi Miko ikuskizunak oso ondo funtzionatu dutela azaldu du Arretxek.
Aipatzekoa da, Titirijaiko gaztetxoen epaimahaiak Roberto White konpainiaren Criaturas particulares ikuskizuna aukeratu zuela saria emateko; 70 puntutik 69 jaso zituen saioak.
Saria Ibarra aldera
Aurtengo Titirijai txotxongilo jaialdiko saioetan, Herrialde Katalanetako SOS Titelles konpainiak eraikitako txotxongilo baten zozketan parte hartzeko txartelak saldu dituzte TEEko arduradunek. Guadalupe Aizpurua ibartarra izan da irabazlea, eta aste osoan zehar Topic zentroan erakusgai izan diren txotxongiloetako bat irabazi du. Txartelekin lortutako dirua, SOS Titelles-ek artea eta kultur elkartrukea sustatzeko burutzen dituen jardueretara bideratuko dute.