Tolosan geratzen den azken karobia

tolosa 2012ko azaroaren 30a

Ikus hemen karobia berreskuratzeko egindako lanen bideoa.

Erakusten duen edertasuna ukaezina da. 500 metroko altueran kokaturiko balkoi ederra da, eta bertatik Tolosaldea eta Beterriko mendiak, edota Nafarroakoak, eta itsasoa bera ere begizta daitezke. Ikuspegi zoragarri hauei, paseotxoak egiteko ibilbide politak edota landa auzo baten berezko ezaugarriak gehitu behar zaizkie. Urkizuk, baina, baditu hain agerikoak ez diren bestelako altxorrak ere. Gorostizu baserriaren lurretan dagoen karobi zaharra, esaterako.

Duela gutxira arte, ordea, altxorretik gutxi zuen karobiak. Baserriko jabeek, Joxe Mari Etxeberriak eta Ixiar Otamendik, azaldu bezala, «erabat hondaturik zegoen, eta zikinkeria ugari zuen pilatuta». Elementu hark izan zezakeen balioaz ohartuta, Burdina taldearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, berreskuratzeak merezi zuen ala ez jakite aldera.

Ondare historikoaren berreskurapenean lan egiten duen boluntario taldea da Burdina taldea. Xabier Arruti Txanka taldeko kideak azaldu bezala, euren helburua «elementu hauek zaharberrituz gure arbasoek zuten bizimodua eta lan egiteko modua herritarrei erakustea da, gure historiaren zati hori ahanzturan gera ez dadin». Asko dira Tolosaldean nahiz Leitzaldean eginak dituzten lanak. Azkena, Leitzarango Tolare meatzean eginikoa. Hainbat karobi eta meategi zaharberritu berri dituzte bertan.

«Berreskuratzeak merezi du»

Bada, Urkizura joan ziren karobia gertutik ikustera, eta ez zuten zalantzarik izan: «Oso egoera txarrean zegoen arren, berreskuratzeak merezi zuela esan genien; egia esan, ia guztiari esaten diogu baietz, gordetzen duten balioarengatik», aitortzen du Arrutik.

Burdina taldeko kideak lanean jarri ziren, eta karobiaren barruan urtetan pilatuta zegoen zikinkeri guztia atera, eta garbitu egin zuten. Hori ez zen nahikoa, ordea, karobia erabat hondatuta eta erorita baitzegoen: «Zati bat mantendu egin zen arren, gehiena erorita zegoen, eta berreraikitzea eskatzen zuen horrek, harriak banan bana jarriz». Burdina taldeko kideak adierazi bezala, lan «profesionalagoa» eskatzen zuen horrek, eta orduan, harriarekin lan egiten duen Josetxo Krespo altsasuarrarekin jarri ziren harremanetan. «Hainbat lan egin izan ditu guretzat, emaitza bikainarekin, beraz, lan hau egiteko pertsona egokia iruditu zitzaigun», azaldu du Arrutik.

Krespo bi astez egon zen egunero lanean, baserrian bertan lo eginez. Karobiaren jatorrizko forma zainduz berreskuratzea lortu zuen. Lan horretan laguntzaile izan zuen baserriaren jabeen semeetako bat.

Emaitzarekin «oso gustura»

Karobiak egun duen itxurarekin «oso pozik» daude jabeak. Dagoeneko hainbat bisitari izan dituzte, tartean, Foru Aldundiko ordezkariak, eta elementuaren balioa nabarmendu dute.

Burdina taldeko kideak azaldutakoaren arabera, zonalde hori gehiegi aztertu ez duten arren, bertakoek aipatu dietenez, Tolosan geratzen den azkenetako karobia da. «Lehen karobi asko zeudela azaldu digute baserritarrek, eta urtean maiz pizten zituztela,  egurra eta harria botaz karea lortzeko. Baina denborarekin, guztiak desagertu egin omen dira, beraz, Urkizuko honek, gure ustez, balio historiko handia du».

Baliteke, Urkizun zutik geratzen den azken karobia ez izatea, Gorostizu baserrikoek Burdina taldekoen laguntza eskatu baitute beste elementu bat aztertzeko. Ezkutuan ziren ondare historikoek auzoaren balioa handituz jarraituko dutela dirudi, beraz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!