Euskararen erabileraren esparrua astintzeko helburuz, eta «euskara hitz egiteko garaia» badela aldarrikatuz, Ahora! izango da, datorren urriaren 6an Tolosan ospatuko duten Kilometroak festari izena emango dion leloa.
Pasa den ostiralean Tolosan aurkezpen jaialdia izan zen arren, atzo plazaratu zizkioten Laskorain ikastolako zuzendari Jone Urteagak, Laskoraingo lehendakari Joxan Oizek, Ikastolen elkarteko Arantxa Manterolak, Kilometroak 2013ko koordinatzaile Unai Igartuak eta Kilometroetako koordinatzaile orokorra den Eñaut Telleriak, Euskal Herriari, KMK 13ren inguruko nondik norako nabarmenenak, Ikastolen Elkartearen Gipuzkoako egoitzan.
Besteak beste, lau helburu nagusi betetzeko asmoz lanean ariko dira urte osoan, Joxan Oiz lehendakariak azaldu zuenez. Batetik, helbururik oinarrizkoena aipatu zuen, ekonomikoa: «Azken urteotako matrikulazioek eragindako hazkundeari erantzun egokia emateko asmoz, ikastolak Tolosako Sakramentinoetako lur eremua erosi, eta hamar ikasgela dituen eraikina amaitu zuen iaz». 1.539 ikasle ditu, aurten, Laskorain ikastolak, eta «inor kanpoan uzteko asmorik ez du Laskorainek», azaldu zutenez. Hau dela eta, lau lerroko ikastola bilakatu nahi dute Laskorain, maila guzti-guztietan.Erronka, beraz, ekonomikoa izango da, batetik.
Erronka pedagogikoa ere izango da jomugen artean, izan ere, Laskorain ikastolak euskarazko ikas-irakaskuntzan izandako erreferentzialtasuna aldarrikatzeko ere baliatuko dute Kilometroak jaia: «Izandako emaitza baikorrak eskualdeko euskalgintza eta irakaskuntza alorreko eragileekin elkarbanatu nahi ditugu».
Orain arte egindakoa hedatzeaz haratago, ordea, Laskorain ikastolak «beste pauso bat emateko egokiera» aprobetxatzeari garrantzia eman dio, eta pauso hau euskararen presentzian eta erabileran eman nahi dute: «Euskararekiko jarrera eta euskararen jakintza esparruak sistematikoki zabaldu nahi ditugu, erabilera sustatuz eta bermatuz».
Azkenik, helbururik ludikoenari ere egin zion aipamenik Oizek, eta Kilometroak jaiak euskararen festa izan behar duela nabarmendu zuen: «Ondo pasa nahi dugu eta euskaltzaleek gozatzea nahi dugu».
Mezu «zirikatzailea»
Unai Igartua KMK 13ko koordinatzaileak azaldu zituen, aurkezpenean, leloaren ingurukoak.
«Zirikatzailea eta ausarta» dela dio, eta mezu argia transmititzen duela: «Euskara ahora ekarri behar da, erabilera behar du euskarak». Izan ere, azken urteotan euskararen jakintzaren igoeraren aurrean, erabilerak igoera bera ez izatea azpimarratu dute.
Bestalde, leloak, irakurri eta erdarazko hitza gogora ekartzen duela ikusteak «zer pentsatua ematen du», Igartuaren ustez.
Honegatik guztiagatik, euskara ahora ekarri behar dela aldarrikatu zuen: «Bihotzetik, ametsetatik, burutik, txokoetatik, apaletatik, ikasgelatik, museoetatik, gramatikatik, liburuetatik, teoriatik ahora ekarri behar dugu euskara, hitz egiteko garaia badelako».
1967an hasitako bidea
Jone Urteaga Laskorain ikastolako zuzendariak, ikastolak 1967. urtean hasi zuen ibilbidea gogora ekarri zuen. Lizardi Euskal Kultur Elkartearen babes juridikopean sortu zuten zenbait herritarrek, eta orduko kokapenak eman zion izena. Haur hezkuntzako irakaskuntzan hasi ziren, eta 3 andereño 80 ikaslerekin aritzen ziren hastapen haietan, herritarren diru-laguntzaz.
Bigarren ikasturterako, 130 ikasle zituen jada Laskorainek, eta zehaztuak zituzten eskaini nahi zuten irakaskuntzaren oinarriak: «Irakaskuntza euskaraz, euskal kulturan, herrian eta naturan errotutakoa zen», azaldu zuen Urteagak.
Gaur egun, herri onurako izendapena du Laskorainek, eta guraso elkarte kooperatiba da, 1976az geroztik. Gainera, 2009an Euskal Herriko Ikastolen Elkartea Europar Kooperatibako kide izatera pasa zen Laskorain. Urteagak, Euskaraz Bizi proiektuarekin Laskorainek eskuratu zuen aitzindaritasuna nabarmendu zuen: «Gure hezkuntza eskaintza gizartearen eskaera berriei erantzuteko ere egokitu beharrean ginen, euskaldun izanaz eta nortasuna galdu gabe. Horrela, Europara begira jarri ginen, teknologia berrietan trebatuz eta kalitatezko hezkuntza eskainiz. Eta batez ere, eskolaz kanpoko esparruak euskalduntzen hasi ginen».
Aurretik egindako Kilometroak jaiak ere hizpide izan zituen Jone Urteagak. 1980an ospatu zuten lehena, eta Usabaleko lehen eraikina finantziatu zuten. 1998. urtean, berriz, Ibarra, Anoeta eta Irurako ikastolekin bat eginik antolatu zuten Kilometroak; bigarren hezkuntzako eraikin berriak lehengo txabolak ordezkatzeko balio izan zuen festa hark.
1.600 pertsona baino gehiago euskara ahoratzeko prest
Goraino bete zen Leidor aretoa, pasa den ostiralean, 2013ko Kilometroak aurkeztu zuen jaialdiko bi saioetan. 120 lagun inguru aritu ziren oholtza gainean, eta ikusleak, berriz, 1.600etik gora izan ziren.
Umorez jositako esketxak ez ziren falta izan, eta ikuslegoari barre algarak lapurtu zizkieten Laskoraingo zenbait irakaslek, aktore lanetan.
Arropa, berriz, desfileen bitartez erakutsi zieten bertaratuei. Haurrak eta gaztetxoak aritu ziren alde batetik, txarangaren musikaz lagundurik. Helduek, berriz, pasarelarik profesionalenak imitatu zituzten.
Azkenik, dantza, bideo eta ikastolako arduradunen zenbait hitzez haratago, Ahora! leloaren aurkezpenak zutik jarri zituen ikus-entzuleak.