Euskarazko produktuak erostera animatu du Tolosako Udalak

Ataria 2012ko azaroaren 22a

[/caption]

Tolosako Udalak Euskarazko Produktuen Katalogoa erabiltzera animatu ditu gurasoak. Iñaki Irazabalbeitia zinegotziak azaldu duenez, "haurren giro euskalduna ziurtatzeko kontuan izan dezatela katalogoa", eta Gabonak laster iritsiko direla gogora ekarri du. "Gure gizartea euskaldundu nahi badugu eta etorkizuneko  euskaldun osoak nahi baditugu eta gure ingurunea euskalduna nahi badugu, euskarak alor guztietan izan behar du", nabarmendu du Irazabalbeitiak.

Tolosako ikastetxeetan 3.500 ale banatu dituzte, "gurasoek izan dezaten erreferentzia bat euskarazko produktuak erosteko unean". Egun hauetan jasotzen den publikazio sortaren artean, euskarazko produktuen Katalogoari jaramon gehiago egiteko eskatu du Irazabalbeitiak. Katalogoan era guztietako produktuak daudela azaldu dute: musika, filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailuak... Paperezko katalogoan ez daudela produktu guztiak zehaztu dute eta eskaintza guztiaren berri izateko www.katalogoa.org webgunean daudela gaineratu dute. Hainbat erakundek bultzatzen dute katalogoa: foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk.

Euskararen Eguna aurki izango dela eta, udalak antolatu duen hitzaldi baten berri ere eman dute agerraldian. Hilaren 29an, 19:30ean, Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia birjaiotzarako hitzaldia emango du udaletxeko bilkura aretoan. "Hemendik aurrera euskara batuaren eboluzioa nola ikusten duen azalduko du", esan du Irazabalbeitiak. "Baditu ideia berriak, ideia bereziak, ausartak, eta ziur aski euskalgintzan aritzen direnentzako kitzikagarriak izango direnak, eta aldeko eta kontrako iritziak sortu ditzakeenak".

Bestalde, abenduaren 1ean Donostian egingo den manifestaziora joateko deialdia egin du. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu du, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean, eta Anoetatik 17:30ean aterako da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!