Unai Igartua eta Jone Urteaga: "Gure ikastola herri ekimenez sortu zen, eta herritar guztiak proiektu honetan inplikatu nahi ditugu"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 21a

[/caption]

Laskorain ikastolako zuzendaria da Jone Urteaga tolosarra (1958), eta Unai Igartua (Ikaztegieta, 1978), berriz, 2013an Tolosan ospatuko duten Kilometroak festako koordinatzailea da.

Hilabeteak daramatzate jada lanean, eta ostiralean, 18:00etan eta 20:00etan Leidor aretoan eskainiko duten ikuskizunaren bidez ikusiko du argia, datorren urriaren 6an lau haizetara ibiliko den leloak. Jarraian, biharko TOLOSALDEKO ETA LEITZALDEKO HITZA egunkariko papereko alean argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena irakur daiteke.

Ostiralean aurkeztuko diozue, Tolosari eta Euskal Herri osoari, 2013ko Kilometroak. Lanean, ordea, aspaldi hasi zineten.

Jone Urteaga: Kilometroak Tolosan ospatzeko eskaera egiten duela sei bat urte hasi ginen, beharra izango genuela aurreikusten baikenuen. Prozesua luzatu egin da, eta azkenean, duela urte bete esleitu ziguten. Jakin bezain laster hasi ginen lanean, eta koordinatzailearen profila nahiz helburuak zehaztu genituen lehenik. Gero, hausnarketa formalagoekin urtarrila inguruan hasi ginen. Hurrengo pausoa leloa eta logoa pentsatzea izan zen.

Unai Igartua: Urte hasieran koordinatzaile izateko ardura hartu nahi nuen esan zidaten, eta orduan hasi ginen, astean behin edo bitan bilerak egiten. Leloa eta logoa, berriz, maiatza ingururako atera genituen, arroparen salmentak hala egitera behartzen baikaitu. Koordinatzaile moduan, erabat, berriz, ekainean hasi nintzen ni lanean, batzordeak osatuz eta abar.

KMK helburu ekonomikoa dute, baina horrez gain, zein jomuga izango du Tolosako Kilometroak jaiak?

J.U. : Helburuak nahiko argi genituen guztiok ere. Bata euskararen erabilera sustatzea izango da, eta Tolosa mailan erabileraren aldeko hautua zabaltzeko esfortzu bat egitea; euskaraz bizi garela eta bizi nahi dugula zabaltzearena izango da helburu nagusia. Halaber, herritarrak gure proiektu honetan inplikatu nahi ditugu. Gure ikastola herri ekimenez sortu zen eta herri onura duen elkarte kooperatibo bat da, beraz, herriarena da. Kilometroak ere, neurri handi batean, herriarena da, eta hori sentitu eta transmititu egin nahi dugu.

U.I. : Bai, azken datuen arabera, euskararen ezagutza igo egin da Euskal Herri osoan, baina euskaraz hitz egiten duten herritarren portzentaje baxua da. Hausnarketa bat merezi du honek, eta aurten eman dezakegun pausoa handia edo txikia izanda ere, horri begira emango dugu. Eta azken helburua, jai honen antolakuntzan, ondo pasatzea ere izango da; bai guk, eta bai gure inguruan daudenek. Urte osoko proiektu bat da, eta une onak eta txarrak izango dira, baina gozatu egin behar dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!