Asier Garagarzak erretratatu ditu argi-itzalik ederrenak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 21a

None
None
None

Asier Garagarzaren Larunbata argazkiak irabazi du, 2013ko Tolosako egutegia hornitzeko antolatutako argazki lehiaketa; «argazkia ateratzeko teknika erabili du, eta oso sinplea den arren, oso zaila da egin duena», azaldu du Tolosagasako Alberto Gonzalezek. Tolosagasak, Tolargik eta Tolosako Udalak zortzigarrenez antolatu dute egutegirako argazki lehiaketa, eta argi eta itzalen jokoa izan da aurten erretratatu beharreko gaia.

Urteko hilabete bakoitzak, ordea, irudiez gain, bertsoak ere lagun izango ditu Tolosako etxeetako hormetan. Izan ere, Tolosako helduen bertso eskolak, Amaia Agirreren gidaritzapean, bi bertso idatzi dizkio hilabete bakoitzari; argia irudikatuz bata, eta ilunari men eginez bestea.

Ibai Iriarte alkateak, egutegi honek denbora gutxian hartu duen ospea nabarmendu zuen aurkezpenean: «Egutegi benetan maitatua da, eta gainera, herritarrek eurek egiten dute, argazkien bidez».

Bestalde, Iriartek egutegiko jai egunak hizpide izan zituen: «Jai egun ofizial batzuk ez dira markatuta azaltzen, udalak iaz lan-egutegia moldatu egin baitzuen, eta beraz, abenduaren 3a Euskararen Egunagatik markatuta azalduko da, eta martxoaren 8a, berriz, Emakumeen Nazioarteko Egunagatik».

Tolosagasako arduraduna, Alberto Gonzalez, eta Ibai Iriarte bat etorri ziren parte-hartzaile guztiei eskerrak ematerakoan: «Orain arteko parte-hartzerik altuena izan dugu aurten, 51 argazkilarirekin, eta guztira, 680 argazki jaso ditugu». Halaber, erakusketak ere jakinmin nabarmena pizten du tolosarren artean, eta horren erakusle dira, antolatzaileek jaso dituzten bozkak: 643.

Aipatzekoa da, honen harira, Zigor Sagarnaren Plaza Euskal Herria argazkiak jaso duela publikoaren saria, eta urriko orria hartuko duela irudiak. Bozka eman dutenen artean egindako zozketa, berriz, Amaia Muñozek irabazi du, eta haren senarrak jaso zuen saria ekitaldian.

Tolosako egutegiak ere hurrengo urtean murrizketak jasango dituela azaldu zuen Alberto Gonzalezek: «Saritan  7.000 euro erabili ditugu, eta guztira, 32.000euroko aurrekontua izan dugu». Horrela beraz, 2013ari begira zenbait gauza moldatu egin beharko dituztela uste dute. Dena den, lehiateka bederatzigarrenez antolatzeko gogoz dira arduradunak, eta http://tolosagasa.blogspot.com atarian argitaratuko dituzte, martxoa edo apirila inguruan, datorren urteko lehiaketaren oinarriak.

Tolosako txoko ezezagunak

«Ez da erraza, hainbeste urte eta gero, egutegirako gaia aukeratzea», azaldu zuen alkateak.

Bueltaka ibili ondoren, ordea, azkenean aukeratu dute, 2013ko argazki lehiaketa gidatuko duen gaia: Tolosako txoko ezezagunak.

«Betiko postal ederrak ezagutzen ditugu: Zerkausia, Kasinoa, Santa Maria plaza, eta abar. Baina bada garaia, norberak maite dituen txoko horiek ezagutarazteko», azaldu zuen Iriarte alkateak.

2013. urteko egutegia doan jasotzeko azken eguna bihar izango da. Zerkausian banatuko dute, 09:30etik 12:30era.

Argazki irabazleak

Azala

Asier Garagarza. Larunbata.

Publikoaren saria

Zigor Sagarna. Plaza Euskal Herria (Urria).

Besteak

Endika Arandia eta Irati Zugasti. Izkutuan (Urtarrila).

Simon Arrigain. Tolosa Venezia (Otsaila).

Idoia Zabaleta. Errotaren isla Oriako uretan (Martxoa).

Asier Garagarza. Idi proba (Apirila).

Goretti Izuzkitza. Leihoa eta aulkia (Maiatza).

Patxi Jauregi. Atzoko argia gaurko itzala (Ekaina).

Joseba Mercader. Ikustzal (Uztaila).

Ion Otxoa. Berdura plaza (Abuztua).

Jesus Gonzalez. Herri kirola (Iraila).

Iker Gereñu. Igugaña (Azaroa).

Patxi Jauregi. Urteberri (Abendua).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!