Hezkuntza duin baterantz, elkartasunaz

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 15a

Alfabetizazio mailarik baxuenetakoa duen munduko herrialdea da Guatemala. Inmakulada ikastetxeak eta Mugen Gainetik elkarteak osatutako egitasmoaren zati bat da, Aranburu jauregiko erakusketa.

Hezkuntza, generoa eta elkartrukea dira, Guatemalako Ixil zonaldeko emakumeen irudiak biltzen dituen Aranburu jauregiko erakusketaren oinarria. Tolosako Inmakulada ikastetxeak eta Mugen Gainetik taldeak, elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta erakusketa hilabete osoan izango da ikusgai, asteartetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara bitarte.

Badira jada 20 bat urte, Mugen Gainetik elkartea Guatemalan lanean hasi zela, eta azken 8 urteotan, Ixil zonaldean ari dira. Elkarteko Seve Zubirik aurkezpenean azaldu zuenez, oso eremu txiroa da: «Genozidioaren inguruko kasuak zirela eta joan ginen hara lanera, eta jende asko ezagutu genuen. Hauen bidez, inguruko beharrak ikusi genituen; osasuna, elikadura, hezkuntza eta genero ikuspegia ziren sendotu beharreko esparruak».

Horrela, beraz, baratzeak sortzen, negutegiak eraikitzen, bertako animalien hondakinekin ongarria egiteko teknikak irakasten, botika generikoen saltoki txikiak sortzen nahiz janaria berotzeko suak ipintzen aritu dira, azken urteotan, Mugen Gainetik elkarteko kooperanteak.

Jarduera hauekin guztiekin ari zirela, «bertako emakumeen prozesuan zuzenki sartzeko garaia» iritsi zela erabaki zuen elkarteak; orduan hasi ziren, beraz, genero ikuspegian eta emakumeen alfabetatzean sakontzen.

Inmakulada ikastetxeak, berriz, formazio integrala eskaintzea helbururik behinenetakoa izanik, baloreak lantzeari «berebiziko garrantzia» ematen diotela nabarmendu zuen ikastetxeko Amaia Karrerak. Bide honetan, eta beren ikasleak «etorkizuneko langile» izango direnez, zeharkako ildoak txertatzen dituzte hezkuntza plangintzan: «Gure ikasleek etikaz jantzi behar dute euren lanbidea. Horregatik, elkartasunarekin zerikusia duten gaiak jorratzen ditugu urtero, nolabaiteko baztertzea jasan dezaketen kolektiboen inguruan».

Jakituriaren elkartrukea

Guatemala da, Haitiren ondoren, alfabetizazio maila baxuena duen munduko herrialdea. Herritarren %70a indigena da, eta 20 hizkuntza inguru hitz egiten dituzte bertan.

Generoen arteko desberdintasuna medio, emakumeen hezkuntza maila are baxuagoa da. Honegatik guztiagatik, Mugen Gainetik elkartea behar handienak identifikatzen hasi zen, garapenera begira. «Kooperazioa garrantzitsua da, baina garapena ere bai», dio Seve Zubirik.

Aurten, ikastetxeaz kanpora begirako zerbait egin nahi izan dute Inmakuladako arduradunek, eta Mugen Gainetik elkartearen lanaren berri izan zutenean, egokia iruditu zitzaien beren ikasleentzat. Horrela, beraz, epe ertain eta luzeko egitasmoa martxan jarri dute bi erakundeek.

Batetik, ikasgeletan Mugen Gainetik taldeak egiten duen lanaren berri eman, eta proiektua bera elikatzeko ideiak sakonduko dituzte ikasleekin. Modu honetara, ekarpenak bilduko dituzte Guatemalako Ixil zonaldeari laguntzeko.

Era berean, bi beka sortuko ditu Inmakulada ikastetxeak, osasun arloko bi ikasle Guatemanala joan daitezen: «Euren formazioa eskainiko dute Guatemalan, eta hango esperientziarekin ere eurak formatuko dira». Erakunde bateko nahiz besteko arduradunek, elkartrukearen garrantzia azpimarratu dute, honen harira: «Hezkuntza maila baxua izanagatik ere, bertakoek badute zer irakatsia».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!