Babarrunaren inguruko pintxo lehiaketa antolatu dute larunbatean, herriko zortzi tabernak
Udazkenarekin batera Tolosako eta inguruetako lurretan ereindako produkturik preziatuenaz gozatzeko garaia iristen da. Tolosako Babarrunaren Astea bihar bertan hasiko da, eta 20 babarrun ekoizle lehiatuko dira aurten, txapela eskuratzeko.
Zenbait berrikuntzekin dator 2012ko babarrunaren astea, eta horren erakusle izan da, egitaraua aurkezteko aukeratu duten lekua: Basque Culinary Center. Bertako zuzendaria Joxe Mari Aizega, Tolosako Babarrunaren elkarteko lehendakaria den Mari Karmen Iradi, Tolosako alkatea Ibai Iriarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Antonio Garmendia eta Tolosako Babarrunaren Kofradiako Yolanda Artola izan dira agerraldian.
«Babarruna kalitatezko produktua da, bertakoa ere bai, arreta handiz egina, eta betikoa den arren, garai berriei ezin hobeto egokitua», nabarmendu du Ibai Iriarte Tolosako alkateak. Bide honetan, beraz, epaimahaikideen artean lehenengoz izango da, datorren larunbateko ekoizleen lehiaketan, Basque Culinary Center-eko Joxe Mari Aizega. Halaber, Tolosako Frontoi jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariak babarrunaren inguruan eskainiko duen ikastaroa ere aurtengo berrikuntzetako bat izango da, Tolosa & Co elkarteko zortzi tabernetan egingo duten pintxo lehiaketarekin batera. Bere aldetik, Aizegak, «horrelako produktu baten inguruan zerbait antolatzea, eta parte hartzea plazerra» dela nabarmendu du: «Gure zentroaren oinarrian euskal produktuak ditugu, eta berebiziko garrantzia du Tolosako babarrunak».
20 ekoizleren aleak lapikoan
Guztira, 20 ekoizleren babarrun aleak dastatu beharko dituzte epaimahaikideek, larunbatean.
Tolosako Babarrunaren elkarteko lehendakaria da Mari Karmen Iradi, eta baita ekoizlea ere, eta aurtengo eguraldi gorabeheratsua nabarmendu du: «Lehen ere izaten ziren lehorteak, eta babarrunarentzat ez da giro egokia». 25.000 kilo ekoiztea aurreikusi zuten arren, erdira ere ez direla iritsiko dio; 10.000 kilo inguru ekoitziko dituzte. «Hala ere, kalitate ezinhobea izango du aurtengo babarrunak, kantitate eskasagoa izango dugun arren», dio Iradik.
07:30ean jarriko dituzte sutan babarrunak, larunbat goizean. Fronton jatetxeko Roberto Ruiz, Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal, Berrobiko Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran eta Lur laneko Fede Pacha izango dira sukaldariak.
Baldintza beretan prestatuko dituzte babarrun guztiak, 11:30ak aldean epaimahaia bere jardunarekin has dadin. Basque Culinary Center-eko zuzendari Joxe Mari Aizega, Tolosako Babarrunaren Kofradiako Izaskun Domenech, eta Txaber Allue, Cristina Martinez eta Jesus Miguel Garcia blogariak izango dira, ekoizlerik onena nor izango den erabakitzeko ardura izango dutenak.
100 euro eta garaikurra eskuratuko ditu hirugarren postuan sailkatzen den ekoizleak, eta bigarrenak, berriz, 150 eta garaikurra. 2012ko babarrun ekoizle onenak, 200 euro eta garaikurraz gain, txapela eskuratuko du.
Gainera, 13:15 aldera, babarruna irabazlearen 3 kiloko lakari bat jarriko dute enkantean.
Babarrunak herritar guztientzat
Larunbateko azokarekin batera, igandeko lehiaketa gastronomikoa eta herri bazkaria izango dira, Babarrunaren asteko egitaraua borobilduko duten jarduerak.
Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXVI. Lehiaketa gastronomikoa izango da aurtengoa, eta hastapenetan, produktua ezagutarazteko eta ekoizleei babarruna landatzea sustatzeko sortu zuten jarduera. Floren Altuna eta Bixente Artola izan ziren iazko garaileak, Xepla elkartearen izenean.
14:00ak inguruan hasiko da bazkaria, Zerkausian. Otordurako txartelak elkartearen egoitzan bertan izango dira salgai, 19:30etik 21:00etara, eta igande goizean bertan ere, Zerkausian eskuratu ahal izango dira. 24 euroren truke, beraz, babarruna izango da protagonista Zerkausiko mahaietan, azaz, odolkiaz, txorizoaz eta Ibarrako langostinoez lagunduta.
Egitaraua
Azaroak 15, osteguna
-Pintxo lehiaketa Tolosa&Co tabernetan.
-Sukaltalkan ikastaroa babarrunaren inguruan, Roberto Ruiz sukaldariarekin, Zerkausian.
Azaroak 16, ostirala
-Hotel Londresen Babarrunaren aurkezpena Tolosako Babarruna Kofradiaren eskutik.
Azaroak 17, larunbata
-07:30. Tolosako Babarrunaren ekoizleen lehiaketaren hasiera, Trianguloa plazan.
-09:00etatik 14:00etara. Azoka Berezia, Trianguloa plazan.
-10:30etik 13:30era. Topagunean ludoteka zerbitzua.
-10:30etik 15:30era. Tolosako babarrunaren bidaia: Ereitetik platerera.
-11:30. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloa plazan.
-11:30. Txapela nork ondoen jantzi XIII. Lehiaketa, Txinparta elkartean.
-12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera izango da Trianguloa plazan.
-13:00. Tolosako babarrunaren ekoizleen lehiaketaren sari banaketa egingo dute, Trianguloan.
-13:15. Babarrun irabazlearen lakari bat enkantean aterako da, Trianguloa plazan.
-17:30. Pailazoak izango dira, Berdura plazan.
Azaroak 18, igandea
-08:00. XXVI. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, Trianguloa plazan.
-13:00. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio Trianguloa plazan.
-14:30. Herri bazkaria Zerkausian, Gure Kaiola elkarteak antolatuta.
-16:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa, Zerkausian.
Azaroaren 16tik 18ra
-Artisautza azoka egongo da San Frantzisko pasealekuan. Ostiralean: 17:00etatik 20:30era. Larunbatean: 09:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. Igandean: 11:00etatik 14:30era.
Azaroaren 16tik 25era
-Liburu azoka egongo da, San Frantzisko pasealekuan. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitarte izango da zabalik astean zehar, eta asteburuetan ordu erdi gehiagoz zabalduko dute.