Kalte-ordainez gain, "akzioen truke dagokien diruaren zati bat" ematea eskaini die zuzendaritzak zortzi kaleratuei
Pasa den astean zortzi langile kaleratu zituen SAM enpresak, eta ostiralera bitarte lau orduko lanuzteak burutu ondoren, gaur hasi dute greba mugagabea.
Goizean goiz pikete informatiboak joan dira enpresara bertara, eta bulegoko zenbait langilek lanean ari zirela azaldu dute LABeko ordezkariek. Egoera azaldu eta gero, ordea, jarduna uztea erabaki dute. 12:00etan, berriz, enpresako langileak fabrikaren atarian bildu dira, informazioa jaso eta elkarretaratzea egiteko.
Kaleratuei, kalte-ordainez gain, enpresako akzioen trukean dagokien diru kopurua handitzeko proposamena egin dute enpresaburuek. Kaleratuen artean, ordea, askotariko iritziak sortu dira; batzuek. lankideek greba uztea hoberena dela uste dute, "egoera okerrera joango baita". Beste batzuek, aldiz, kaleratzeez gain azken hilabeteotan bizitzen ari diren tentsio egoeren aurkako nahiz enplegu erregulazio espedienteen aurkako protesta ere badela diote.
Horrez gain, SAMko zuzendaritzak, ekoizpenaren %30a duen enpresak bertatik alde egingo duela jakinarazi die langileei, grebarekin aurrera jarraitzen badute.
Arratsaldean, abokatuekin eta sindikatuekin elkartuko dira kaleratuak, eta grebarekin jarraitzea, besteak beste, "kaleratuen esku" dagoela azaldu du LABeko ordezkariak.