Tolosako Isidro Larrañagaren orkestra Austrian ibili da pasa berri den zubian. Innsbruck hiriko Tejado de Oro plazan eskaini zuten kontzertua, hilaren 2an. «Gozatu egin genuen benetan», adierazi du Isitxo Larrañagak.
Taldeko 27 kide izan ziren bidaian. Eguraldia lagun izateaz gain, oso ondo atera zitzaien dena. «Kalean egin genuen kontzertua, eta erantzun oso ona izan genuen», argitu du Larrañagak. «Isiltasun guztia izan genuen. Nabari da musika maite dutela, eta ulertzen dutela», gaineratu du. Hemen kalean eskaintzen dituzten kontzertuetan isiltasuna izatea ia ezinezkoa dela argitu du, eta Innsbruckeko plazan izan zuten isiltasunarekin «gozatu» egin zuten, eta beraien lanarekin ere «oso gustura» geratu ziren.
Gainera, oraingoan, kolaboratzaileak ere izan zituzten. Obra batean, Elene Arandia abesten, eta Ander Zubillaga gitarrarekin aritu ziren. Hauez gain, Udaberri dantza taldeko Onintze Hartsuaga, Garazi Artetxe eta Juan Urretabizkaia dantzariak ere alboan izan zituzten emanaldia borobiltzeko. Bertan, besteak beste, euskal obrak diren Guridiren El Caserio eta Agurra jo zituzten. Obra klasikoez gain, modernoagoak ere eskaini zituzten: Praefugium Nr. 1 aus dem Zyklus, Dichter unt Baüer, The Lord of the Dance eta Ghost Love Score.
Emanaldiaz gain, bidaia turismo pixka bat egiteko baliatu zuten. Austria ezagutzeaz gain Suitzako eta Alemaniako hiri batzuk bisitatu zituzten.
Urte guztiko lanaren ordaina
Astero-astero lokalean sartu, eta entseguak izaten dituzte Isidro Larrañaga orkestrako kideek. Taldekoak honelako bidaia bat merezi zuela gaineratu du Larrañagak. Egoera ekonomikoaren eraginez, lehiaketa gero eta gutxiago antolatzen dira, eta gustura hartu zuten Austriatik egindako gonbita.
Ia urtero saiatzen dira mota honetako irteeraren bat egiten.