Hamarkada bat igaro da, San Esteban auzoko estudio txikian lehen diskoa grabatu zutenez geroztik. Bonberenea Ekintzak 2002012, Doinuen Hamarkada liburua argitaratu dute, zigiluaren urteurrena gogora ekarriz.
Hasiera gehienak aldapatsuak izan ohi diren arren, gauzek beren bidea hartzen dutenean, arin pasatzen da denbora. Horixe gertatu zaio Bonberenea Ekintzak zigiluari, eta hamar urte bete ditu jada; urtemuga hau, eta kaleratu dituzten disko nahiz liburu sorta osoa biltzeko, Bonberenea Ekintzak 2002012, Doinuen Hamarkada liburua argitaratu dute.
2002. urtean hasi ziren, Bonbereneako kideak, lehen grabaketak egiten, «estudio oso-oso prekario batean», Juantxo Arakamak azaldu duenez. Hamar urteko lanaren ondoren, ordea, 40 disko baino gehiago argitaratu dituzte jada, eta baita lauzpabost liburu ere; Euskal Herriko kultur arloan bere txokoa egin duen zigilua da, beraz, Bonberenea Ekintzak.
Bilduma bat baino gehiago
Finean, Bonberenea Ekintzak plataformak, azken hamarkadan egindako lanaren errepasoa da Bonberenea Ekintzak 2002012, Doinuen Hamarkada liburua.
Lan hori guztia gogora ekartzeko bidean, ordea, material mordoa erabili dute argitalpen berezi honetarako. Batetik, Bonbereneako estudioan orain arte burututako grabazio guztien katalogoa ikusi ahal izango du irakurleak, diskoen azalekin; erreferentziak eta zenbait azalpen ere gehitu dituztela argitu du Arakamak. Era berean, eta Bonberenea Ekintzak plataformaren historia, ibilbidea, filosofia nahiz mugimenduaren hastapenen inguruko testu batzuk ere txertatu dituzte.
Paperean imprimatutako materialarekin bukatzeko berriz, Bonbereneako kideek txoko berezia eskaini diote Karlos Osinaga Txap-i. Hamar urte hauetan zehar argitaratutako grabazio ia guztietan teknikari moduan aritu da bera, eta liburuan elkarrizketa egin diote: «Oso ondo azaltzen du Bonberenea Ekintzak plataformaren funtzionatzeko era zein den».
Bonberenea Ekintzak plataformak emandako fruiturik nabarmenenak musika taldeenak izan direnez, ordea, hamarkada gogora ekartzeko prestatutako katalogo berezi honek, ikus-entzunezko materiala ere bildu du. Horrela beraz, batetik, bi audio disko daude bilduman; Bonberenean orain arte argitaratutako disko bakoitzetik abesti bana aukeratu dute bertan txertatzeko, eta honenbestez, 40 kantu inguru entzungai izango dira.
Horrez gain, azken urteotako zuzeneko emanaldietan egindako grabazioekin DVD bat findu dute; Berri Txarrak, Zea Mays, Inoren Ero NI, Lisabö, We are Standard eta Willis Drummond taldeak Bonbereneako oholtzan ikusi ahal izango dira bertan. Azkenik, bigarren DVDan, beste 16 bideoklip argitaratu dituzte.
Lanaren fruitua
Juantxo Arakamak garrantzia berezia eman dio, azken hamar urteotan Bonberenearen inguruan lanean aritu den jende guztiaren esfortzuari: «Babesa osoondo dago, eta kultur arloko jendea Bonberenearen proiektuaren alde dagoela jakitea onuragarria da. Hala ere, garrantzitsuagoa da barruko lana. Liburuan ikusten den hori guztia ahalbidetu duena, bertakoen lana izan da».
2002. urtean hasitako lanek eman dute beren fruitua, eta grabazio estudio berria prestatu dute duela gutxi. Epe luzera begira proiekturik ez duten arren, Bonbereneak beti horrela funtzionatu izan duela azaldu du Arakamak: «Eboluzioaren alde jokatu izan du beti, aurrerapausoak emate horren alde. Estudioa, beraz, horretara dator, eta hastepenetan estudio oso-oso prekarioa zen hura, baliabide askoz ere hobeak dituen estudio bilakatu da».
Argtitalpen berria eskuragarri da jada, Bonberenean bertan, eta Durangoko azokan ere jarriko dute postua.