Garbiñe Ubedak irabazi du Agustin Zubikarai saria

tolosa 2012ko azaroaren 6a

Garbiñe Ubeda kazetari tolosarraren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Heldu den iragana du izena Garbiñe Ubedaren proiektuak. 36ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona harentzako gutunek osatuko dute eleberria, eta bertan, bilaketaren gorabeherekin batera, familiaren historia berreraikiko da. Epaimahaiak azpimarratu du testuaren kalitate linguistikoa, estilo landu, malgu eta dotore bat duena, eta pertsonaien taxuera, sinesgarri eta ñabarduraz betea.

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen.  Aurten, hamazazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Ubedaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!