Bertako produktuekin osatutako azoka berezia izango da, Bedaion

tolosa 2012ko azaroaren 2a

Urte sasoi honetan, udazkenean sartuta, Bedaioko auzotarrek azoka berezia egiten dute, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Igandean, hilaren 4ean, izango da.

[/caption]

Goiz ederra pasatzeko moduko azoka antolatu dute, eta 10:00etan emango diote hasiera jaiari, eta 14:00ak aldera bukatutzat emango dute. Nola ez, garaian garaiko produktuak erosteko aukera izango da, taloez gain  bazkaltzeko babarrunak ere izango dira.

10:00etatik aurrera,  bertako babarruna, barazkiak, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejoak, arrautzak, garai honetan fruta arbolak eskaintzen dituzten intxaurrak, sagarrak, gaztainak,… ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira.

Etxean egindako postre gozoak ere ez dira faltako, eta gaztak ere protagonismo handia izango du azoka egunean. Karlos Beloki gaztagile bedaioarra bertan izango da, eta Zaldibiako Ardiki egunean bigarren postua lortu berri du. Beraz, baserriko gazta erosteko aukera ere izango da. Antolatzaileen esanetan: «Krisi garai hauetan hutsik egingo ez diguna, bertako eta garaiko produktuen kalitatea izango da». Eta denak Bedaiora gonbidatu nahi izan dituzte, azoka egun bereziaz gozatzera.

Baserriko animaliak ikusteko aukera izango da, sagar mota desberdinen erakustaldi bat egingo da, sagardotarako sagar motak desberdinak erakutsiko direlarik, eskulanak ere ez dute hutsik egingo, eta artisau eta jostunen arte lanak ikusi ahal izango dira.

Azokak berarekin ekartzen du jateko aukera, eta Bedaion ere

tripa betetzeko aukera izango da. Hotzari aurre egiteko, txorixoarekin edo hirugiharrarekin betetako taloak jateko aukera izango da.

Babarrunak, bazkaltzeko

Bazkaltzeko ere hainbat aukera izango dira. Horietako bat, 20 euroren truke izango da. Artubi elkartean bertako babarruna prestatuko dute. Eta bertan bazkaltzen geratzeko aukera paregabea eskainiko dute. Egunean bertan, nahi duenarentzako bazkarirako txartelak eskuragarri jarriko dituzte, pilotalekuan.

Baina «babarrunak gustuko ez dituenarentzat Abaetxe jatetxean izango da beste hainbat jaki gorputza asetzeko eta gozatzeko», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!